Athleticek eten egin dau azken hiru partiduetako bolada txarra. Atletico de Madrid, Girona eta Osasunaren aurka galtzaile izan ondoren, Ernesto Valverderen taldeak puntu bat eskuratu eban Vallecasen jokatutako partiduan. Ganera, zuri-gorriek ez eben golik jaso, aspaldiko partez. Talde biek aukera garbiak euki ebezan aurkariaren atea zulatzeko baina ez batak ez besteak ez eban asmau. Nico Williamsek euki eban zuri-gorrien aukera garbiena 92 minutuan. Oihan Sancetek baloi ederra emon eutsan eta Rayoko atezainaren aurrean egoala Williams gaztearen jaurtiketak langan jo eban.
Etxetik kanpo puntu bat lortzea beti ona bada be, Athleticek urrunago ditu Europarako postuak, seigarren dagoan Vila-realek lau puntu gehiago ditu-eta. Edozelan be, Valverderen taldeak aurrepausu bat emon eban mailarik onena berreskuratzeko bidean. Zuri-gorriak oso sendo aritu ziran defentsa lanetan, azken partiduetan baino hobeto ibili ziran erasoko jokoa sortzeko orduan, baina ez eben zorroztasunik erakutsi aurkariaren ate aurrean euki ebezan gol aukera garbiak sareetaratzeko. Eta, jakina, golik sartu ezean ez dago garaipenik lortzerik.
Albiste txar bi itxi ebazan domekako partiduak. Alde batetik, Iñigo Lekuek min hartu eban eskoiko hankan eta asteak beharko ditu gihar hausturea osatzeko. Bestalde, Melero Lopez epaileak txartel gorria erakutsi eutson Oihan Sanceti Rayo Vallecano taldeko jokalari bati atzetik egindako sarrerea zigortzeko. Ondorioz, leitekeena da nafarrak ezin jokatzea Bartzelonaren aurkako partidu erabakigarrian.
Hiru puntu baino gehiago egongo dira jokoan datorren domekan San Mamesen. Izan be, Athleticek garaipena lortuko baleu, sailkapenean Europarako postuetara hurreratzeaz ganera, sekulako bultzadea jasoko leuke denporaldiko azken txanparako. Blaugranak nagusitu ezkero, ostera, Europa urrunago geratuko litzateke eta taldearen lehiakortasunaren ganeko zalantzak zabaldu egingo lirateke. Beraz, azterketa gogorra bezain erakargaria dauka Ernesto Valverderen taldeak hurrengo jardunaldian Katedralean.