ELAk salatu dau medikuak falta dirala Osakidetzako etengabeko arretako gune askotan, osasun publikoko zerbitzuak “murrizketak eta prekarizazino politikak” apliketan jarraitzen dauelako asistentzia maila guztietan eta, beren beregi, lehen mailako arretan, besteak beste, Deustu, Lekeitio, Bermeo eta Zornotzako etengabeko arreta guneetan.
Sindikatuaren arabera, egoera horrek “ondorio larriak” daukaz lan baldintzetan eta eskaintzen dan zerbitzuan bere. “Martxoan, adibidez, Bermeo, Lekeitio eta Zornotzako etengabeko arretako guneek, besteak beste, medikurik bako osasun arreta eskaini behar izan dabe”, ziurtatu dau ELAk.
ELAk berretsi dau “plan bat” dagoala lehen mailako arreta eta, batez ere, etengabeko arreta guneak “desegiteko”, eta horrek beragaz dakarrela “osagungintza hondatzea eta lan baldintzak prekarizatzea, langilerik ez dagoanez, pazienteak beste baliabide batzuetara bideratzen diralako”.
Sindikatuak ziurtau dauenez, osasun profesionalak “egon badagoz eta lanerako prest, baina ez eskaintzen jakezan baldintza prekarioetan”. “Baldintza txar horreekaz normala da profesional askok beste bide batzuk bilatzea, hala nola atzerrian behar egitea edo osasun pribatura jotea”, deitoratu dau.
Ildo horretan, ELAk datu batzuk eskaini dauz: Elkargoaren Erakunde Medikoaren arabera, 2021ean inoiz baino egokitasun ziurtagiri gehiago egin ziran atzerrian lan egiteko (4.130), eta eskaera gehien izan ebazan espezialidadea etxeko medikua izan zan. Gainera, 2012tik, Osakidetzako medikuen kopurua %10 igo da, eta osasun pribatuan, berriz, %69.