Asteko lanaldiaren murrizketea aztertzeko lantaldea eratu da Euskadin

2024an proiektu pilotu bat martxan jarri nahi dabe Jaurlaritzak, CCOOek eta UGTk
Lantaldearen lehenengo batzarra / Bizkaia Irratia

Asteko lanaldiaren murrizketea ezartea aztertuko dauen lantaldea eratu da Eusko Jaurlaritzaren, CCOO eta UGT sindikatuen parte hartzeagaz. Hain zuzen, pertsonen kudeaketaren barrikuntzarako taldeak programa pilotua probatzeko lanak hasi dauz, asteko lanaldia 32 ordura murrizteak, telelanaren formulak aplikatzeak eta enpleguan eragina daben enpresen erabagi estrategikoetan langileek be erabagiorrak izateak EAEn daben eragina aztertzeko.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazo dauenez, Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak koordinauko dau taldea eta gizarte eragile guztiak gonbidatu dira, nahiz eta azkenean CCOO Euskadi eta UGT Euskadi sindikatuek parte hartuko daben.

Astelehen honetan egindako lehen bileraren ondoren, programea zehaztuko da urtean zehar, 2024an proiektu pilotu bat martxan jartea aztertu ahal izateko.

Idoia Mendia Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak azaldu duenez, neurri horreek langileen osasunean, ingurumen arrastoan, produktibitatean eta enpresek talentua erakarteko eta atxikitzeko daben gaitasunean daben eragina ebaluau gura da. Saiakuntzaren ondorioak gizarte eragileen eskura jarriko dira, negoziazio kolektiboko prozesuetan baloratu dagiezan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00