Egun gitxi falta dira tourrari hasierea emoteko, eta Bilbon zirkulazino aldaketak izango dira datorren eguaztenetik aurrera. Zirkulazino aldaketek eragina izango dabe Bilboko urian bagilaren 28tik garagarrilaren 1era arte. Eta hori dala eta, dispositibo handi bat prestau dau Bilboko Udalak sail ezbardinen artean koordinauta: segurtasuna, mogikortasuna, zerbitzuak, bilbao kirolak eta komunikazinoa. Dispositiboak 50 puntutan bidea ibilgailuentzat ixtea eragingo dau, eta bide batzuk 6 eta 72 ordu bitartean be itxita egongo dira. Datu guztiak gaur Bilboko udalean azaldu dabez Amaia Arregi Herritarren Segurtasun Saileko zinegotziak, Nora Abete, Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak eta Udaltzaingoen burua Jose Julio Gonzalez Zamanillok.
Garbiketa zerbitzua eta hondakinen kudaketea
Tourrak sortuko dituan beharrizan guztiei heltzeko, Udalak bagilaren 28tik garagarrilaren 2ra arte sortuko diran hondakinak garbitzeko eta batzeko zerbitzsu berezi bat antolatu dau 70 langilek eta baliabide tekniko askok osotutako dispositibo bat ibiliko da, eta baliabide teknikoen artean; ekortzeko moto-orgak, sasiak kentzeko makinak, hidrogarbigailuak, hondakinak batzeko kamioi biokonpartimenduetan banatuak, urez garbitzen daben makinak… eta abar. Azpimarratzekoa da galtzadak garbitzen hiru talde arituko dirala, goizeko eta arratsaldeko txandatan.