Lointek Gernikak Grace Berger amerikarra fitxatu dau

Grace Bergerrek kalidadea emongo deutso Lointek Gernika Bizkaiaren kanpoko lerroari
Grace Berger amerikarra Lointek Gernikak fitxatu dau / Lointek Gernika

Lointek Gernika Bizkaiak Grace Berger (Lousville, 1999/06/03) fitxau dau 2023/2024 denboraldirako. Eskolta Indianako Unibertsitate famatutik dator eta orain WNBA jokatzen dabil Indiana Fever taldeagaz. Hain zuzen be, talde horrek WNBA Drafteko 7. postuan aukeratu dau aurten. Unibertsitatean 12,9 puntu, 4,8 errebote eta 5,8 asistentzia lortu dauz bataz beste azken sasoian.

Horregatik, hiru bider aukeratu dabe Big Ten konferentziako bostekorik onenean. Hori gutxi ez, eta inork ez dau Bergerrek baino garaipen gehiago Indianako Unibertsitatean, guztira 118, 2018 eta 2023 bitartean. Gainera, Estatu Batuetako selekzioarekin debutatu eban 2021eko America Cup txapelketan, bakarrik 22 urterekin 5,2 puntu, 3,2 errebote eta 1,8 asistentzia lortu ebazan bataz beste urrezko domina irabaziz. Gernikakoa bere lehen esperientzia izango da Europan.

Berger “gogo askorekin” dago Europan bere kirol ibilbideko etapa berri bat hasteko, batez be Malosten izateagatik: “Niretzako oso garrantzitsua zan Europako nire lehen esperientzian toki egoki batera joatea eta Lointek Gernika talde ezin hobea da, aukerarik onena“. Bere ezaugarrietaz esan dau konpromiso handiko jokalaria dala: “Bat nator taldeak transmititzen dauzen baloreekin, nireak egiten dodaz, lehiakorrak gara biak ala biak. Gainera, herria bikaina da baita zaleak be“.

Mario Lopez be ilusioarekin dagoela esan dau Bergerren fitxaketarekin: “Gracek kanpoko lerroko hiru posizioetan jokatzeko gaitasuna dauka. Oso abila da baloiarekin eta jokoa oso ondo ikusten dau. Horrez gain, jaurtiketetan be oso ona da, mehatxua da uneoro, batez ere bote osteko jaurtiketan. Erasoan, joko asko sortu ahal dau 1c1eko egoeretan baita blokeo zuzenetan. Defentsari dagokionez, esku arinak daukaz eta oso ondo erabiltzen dauz, eta beti dago laguntzeko prest. Bere ezaugarriak oso ondo egokitzen dira Lointek Gernikaren jokamoldera, hau da, defentsa gogorra eta trantsizio arinak. Gaztea izan arren, Europako bere lehen denboraldian barruan daukan dana erakustea nahi dogu“.

Lointek Gernika Bizkaiak 8 jokalari dauzka 2023/2024 denboraldirako: Itziar Ariztimuño eta Laia Flores antolatzaileak, Roso Buch, Marta Alberdi, Angie Bjorklund eta Grace Berger hegalekoak eta Sofia Da Silva eta Maya Dodson pibotak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00