Irailaren 14an, ikasturteagaz batera, bueltatu da Bilboko Portuko Agintaritzak 2014tik martxan daukan Ezagutu Portua programea. Ekimenaren helburua ikasleei, prestakuntza-zikloetako eta unibertsitateko ikasleei eta herritarrei, Bilboko Portua hurreratu eta bertako errealidadea ezagutarazotea da. Programa martxan jarri zanetik, 68.000 pertsonek baino gehiagok bisitau dabe portua.
Portuaren historia eta eguneroko jarduna ezagutzeko
Ekimenak azpiegitura hutsa baino gehiago dan portu baten historia eta jarduera ezagutzeko aukerea emoten dau. Baita bertan lan egiten daben personei eta jatorriko zein helmugako herrialdeei buruz gehiago jakitekoa be. Bilboko Portua gune logistiko, komertzial eta industrial garrantzitsua da, eta Bilboren, itsasertzeko udalerrien eta, oro har, Bizkaiaren eta Euskadiren garapenean eragin handia dauka. Era berean, enpresei nazinoartekotzen laguntzen deutse eta industria zein herritarrak egunerokoan behar doguzan era guztietako produktuez hornitzen ditu, elikagaietatik hasi eta kontsumo-objektuetara.
Ezagutu Portua programak, ganera, Bilboko Portuak ekonomia eta gizarte lehiakor, munduagaz konektau, barritu, arduratsu eta jasangarri baten alde egiten dauan lana ezagutzeko aukera emoten dau. Horretarako, bisita gidatuen bidez, Bilboko Portuaren jarduera eta gizarteagaz zein inguruneagaz daukan loturea bertatik bertara ezagutu leiteke.
Informazino gehiago bilbaoport.eus webgunean dago eskuragarri.