Nagusien egoitzetako beharginen kopurua %15 hazi beharko da

Egoitzei buruzko euskal dekretu barriaren arabera erresidentziek gehienez 150 plaza euki ahalko dabez
Adineko persona batzuk egoitza batean / Bizkaia Irratia

Egoitzei buruzko EAEko dekretua aldatuta, gehienez 150 plaza egongo dira adinekoentzako zentro horreetan, eta gehienez 25 personako moduluetan banatuta egongo dira. Araudiaren testu barriak, erabiltzaileei zuzeneko arreta emoten deutsen langileen ratioak % 15 handitzen dauzana, covid-19aren garaian antzemandako eskakizunetara egokitzen da, Euskadiko egoitza zentroen kalidadea hobetzeko helburuagaz.

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak sinatu dau jada Euskal Autonomia Erkidegoan adinekoentzako egoitza-zentroei buruzko Dekretuaren aldaketa onartzeko agindua. Horrek esan gura dau izapidetzen hasiko dala, eta Gobernu Kontseiluan onartuko dala, legezko ibilpidea egin ondoren, dagozkion txostenen prozesua abiarazota.

Dekretu barria Euskadiko egoitza-zentroen barrikuntza eta kalidadearen hobekuntza bultzatzera bideratuta dago. Horretarako, arreta ereduaren aldaketa bizkortzea barne hartzen dau, pertsonengan eta hareen harremanetan oinarritutako ikuspegia azpimarratuz, eta behar hori agerikoago geratu da Covid-19aren pandemiagaitik.

Era berean, arreta-eredu ekosistemikoa sustatu gura dau, egoitzak interakzinorako eta partaidetzarako gune bihur daitezan erabiltzaileentzat, familientzat, profesinonalentzat eta tokiko ingurunearentzat. Esperimentazinoa eta barrikuntza sustau gura dauz, arreta-ereduaren aldaketea bultzatuko esparru malgu baten bidez.

Beste helburuetako bat egoitza-zentroen eta osasun-zentroen koordinazino soziosanitarioa indartzea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular