Euskaltel Euskadin Nicolas Alustizak saltoa emon dau lehen taldera Laboral Kutxatik. Zumarragako txirrindulariak bi urteko kontratua sinatu dau. Bi urtez LABORAL Kutxan trebatu ondoren, Alustizak txirrindularitza profesionalaren elitera egingo dau jauzi Euskaltel-Euskadiren eskutik, eta aurretik iragarritako Iker Mintegi eta Unai Zubeldia taldekideekin bat egiten dau. Euskadi Fundazioak apustu argia egin dau gure inguruko balio gazteen talentuaren eta prestakuntza integralaren alde. Iker Ballarin (2020), Xabier Mikel Azparren (2021), Asier Etxeberria, Unai Iribar eta Xabier Isasa (2022), Enekoitz Azparren eta Xabier Berasategi (2023) be filialetik pasatu ziran eta gaur egun laranjaz jantzita dagoz.
2023 honetan, Alustizak bere maila eta dohaiak berretsi dauz, 2022an lepauztaia hautsi ondoren. Zehazki, lau garaipen lortu dauz orain arte, azkena domekan Antzuolan, eta aurretik Duranan (apirila), Iturmendin (maiatza) eta Seguran (ekaina) irabazi eban; laugarren izan zan Legazpiko Santikutz Klasikan, bosgarren Lazkaon, hamargarren Valenciagan eta 11. Bidasoako Itzulian eta Gorlako Igoeran. Eskoletik junior mailara Goierri Txirrindulari Eskolan aritu zan.
Hurrengoak izan dira Alustizaren adierazpenak, pozez gainezka fitxaketaren ostean: “Fitxaketa honek asko esan nahi dau niretzat, iraunkortasunaren eta lanaren sinonimoa da. Eta etxeko taldearekin bi urte sinatzea erabateko amets bat da. Azken bi denboraldietan Laboral Kutxan aritu naz. Oso ondo eraman dabe nire kirol ibilbidea eta profesionalismora igarotzeko funtsezko balioak erakutsi deustez”.