Leartibai Fundazioak ekintzailetzaren aldeko apustua eta Lea Artibai eskualdeko enpresa-ekimen barrien lana nabarmedu dauz Leartibai sarien bosgarren edizinoan. Zemendiaren 19an egin eben sari-banaketea Markina-Xemeingo Lea-Artibai Barrikuntza gunean. Ekintzailetza bistaratu eta eskualdeko ekintzaileei errekonozimendua emotea helburua daukan ekimen hau Leartibai Fundazioak antolatzen dau, Bizkaiko Foru Aldundia, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartea, ASSET, Lea-Artibai Landa Garapen alkartea eta Lea Artibai eskualdeko 12 udalen lankidetzeagaz. Aurten, danetara, 15 proiektu saritu dabez eta 18.500 euro banatu dabez irabazleen artean.
2026ko lehiaketara 65 proiektu aurkeztu dira, aurreko edizinoan baino bederatzi gehiago. Horreetatik 39 negozio-ekimen barri 2025-2026 epealdian Lea Artibai eskualdean martxan jarritako enpresak ordezkatzen dabez; beste 26 proposamen, barriz, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleen negozio-ideiak izan dira. Zortzi kategorian banatu dabez sariak: negozio-ideia barritzailea, ostalaritza-turismo-zerbitzu enpresa, merkataritza-establezimendua, eredu kooperatiboa, emakume ekintzailea, gazteek sortutako enpresa, ikasleen negozio-ideiak eta ekonomia urdineko negozioa.
Gazteak eta emakumeak nagusi
Gazteen ekintzailetzak partehartze nabarmena izan dau aurtengo edizinoan. Enpresa barrien 39 proiektuetatik 16, 35 urtetik beherako ekintzaileek gidatutakoak izan dira. Horrez gain, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleek aurkeztu dabezan beste 26 negozio-ideia kontutan hartu behar dira. Horrela, guztira, 42 proiektu gazteen eskutik etorri dira aurtengo sariketara.
Emakumeen presentzia be nabarmena izan da. 2025-2026 epealdian negozioa martxan jarri daben 39 egitasmotik 22, emakume ekintzaileen esku egon dira, %56.
25 urte eskualdeko ekintzailetza sustatzen
2026ko Leartibai sariketea Leartibai Fundazioaren 25. urteurrenaren testuinguruan egin da. Erakundeak gogora ekarri dau mende laurdeneko ibilbidean 650 enpresa barri eta 800 lanpostu baino gehiago sortzen lagundu dauala, ekintzaileen negozio-ideien bideragarritasuna lantzeko bere metodologia propioaren bidez. Azken urteotan, oinarri teknologikodun enpresen ekintzailetzan fokua be jarri dau, Leartiker zentro teknologikoagaz alkarlanean. Horrezaz gain, gaur egun negozioen erreleboagaz dagoan arazoari aurre egiteko, Pertsianak Zabalik oinordetza programea be abiatu dau, hurrengo urteetan izango diran erretiroak aurrez detektau eta negozio horreei jarraipena emongo deutsien ekintzaileen bilaketa aktiboan murgilduz.
Fundazioak 25 urteotan 160.000 euro baino gehiago banatu dauz ekintzailetza-sarietan, eta 100 enpresa baino gehiago saritu dauz. Aurreko edizinoetan lez, aurten be herritarren babesa jaso dabe aurkeztutako proiektuek: Instagram bidez antolatutako lehiaketan, 3.000 boto baino gehiago batu dira.
Ekitaldian aipamen berezia egin deutsie ZATOZTE Ondarroako dendari eta ostalari alkarteari, 25 urteko ibilbidea dala eta.
Saritutako proiektuak
- Negozio-ideia barritzailearen saria: LTK CRYOSOLUTIONS (Markina-Xemein)
- Ostalaritza-Turismo-Zerbitzu enpresari saria: CAMPERS KAI (Ondarroa)
- Merkataritza establezimenduari saria: LILIE: FRAGANTZIAK & KOSMETIKA (Ondarroa)
- Kooperatiba ereduari saria: NORD AUTO MARKINA (Markina-Xemein)
- Emakume ekintzaileari saria: ETXEA BRILLANTE M&M (Ondarroa)
- Ekintzaile gazteek sortutako enpresari sariak: ARNAITZ CASCO ELEKTRIZITATEA (Lekeitio), AZTARNA FISIOTERAPIA (Markina-Xemein), GABIOLA MINDBODY (Lekeitio), GOLKO SYSTEM (Berriatua) eta ZILLUTA KONPONKETA LANAK (Amoroto)
- Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleen negozio ideiari sariak: ERABILI, INNERLY, ECOVIEW eta CEM
- Ekonomia Urdineko negozio saria: ARAN ELEKTRIZITATEA (Ondarroa)