Gurutze Frades: “Banekian erritmoa mantentzekotan, nire esku egongo zala lasterketea”

Iurretarrak Gasteizeko Ironman txapelketea irabazi eban
Gurutze Frades atletea Iron Man txapelketean / Gurutze Frades

Gurutze Frades bizkaitarrak irabazi eban Gasteizeko Ironman txapelketea, oinezko lasterketea bikain baten ostean.

“Beti da bidaia ikaragarria honaino iristea. Eskerrik asko zuen babes eta animo mezu guztiengatik, nirekin eramango zaituztet “. Berba horiekin eskertu eban iurretarrak Gasteizko IronMan txapelketean lortutako lehen postua. Hamabi hilabete baino gitxiagoan bigarren postuan dago, abenduan iurretarra IM Cozumelen be gailendu zalako.

Iurretarra bederatzi ordutik jaitsi zan eta 8: 46.18 ordutan burutu eban probea. Gurutzek zazpigarren postuan urten eban igeriketatik, 3,8 kilometroko igeriketea 59 minutu eta 15 segundotan amaitu ondoren. Une horretatik aurrera iurretarra bizikletan posizinoak irabazten aritu zan. Izan bere, 37 kilometro orduko abiadurarekin, Gurutze Frades hirugarren posturaino aurreratu zan Olagibel eta Foruen arteko trantsizinoan. Oinezko tartean Guru lehen postuan jarri zan maratoi erdia baino lehen. Une horretatik aurrera, Gurutzek ez eban amore emoten eta beste garaipen bat lortu eban bere kirol ibilbidean, bigarren IM-a hamabi hilabeteko epean eta hirugarrena bere ipilbidean. Gaur Jokoan izan dogu Gurutze, azken txapelketeaz berba egiteko.

Zelan joan zan txapelketea Gasteizen?

Zer esango dot, azkeneko emaitzagaz ondo joan zan. Lasterketa on bat izan neban, lasterketa zaila dan Iron Man batean; momentu txar eta on asko, baina lasterketa solido bat eukin nebala uste dot. Pentsatu genduan goizean zehar hotz gehiago egongo zala, eta arratsaldean beroago, bizikletan haizeak gogor jo eban… baina bai, lasterketea ondo joan zan eta irabaztea lortu neban.

Zure karrera profesionalagaz alderatuz, zelan jarriko zenuke azken lasterketa hau? Zailagoa agian?

Oso zaila da konparatzea. Generalean Iron Man lasterketak oso gogorrak dira. Nahiz eta ondo egon, sufrimendu askoko lasterketak dira, dudak dekozuz amaitzeko gai izango zaren… Gainera, jendeak espero eban irabazteak eta presino puntu extra bat egon zan… Horregatik zaila da lasterketak konparatea. Amaitzen dozunean, guztia beste aurpegi batez ikusten dozu, baina lasterketan zehar sufrimendu itzela da. Egia da lasterketea etxean izan zala, eta horrek errazago egiten dau korrika egitea.

Oinezko lasterketan lehenengo postua lortu zendun ezta?

Bueno, balorazino orokorra egiten dabe. Igeriketa on bat egin nebala uste dot, bizikletan neska batek denpora gehiago sartu euskun, baina aurrealdean egon nintzan eta oinezkoan azkenik beti egiten dot partzialik onena. Oso gitxi errekortetan da oinezkoan, segundo batzuk baino ez. Baina banekian erritmoa mantentzekotan, nire esku egongo zala lasterketea.

Helene Alberdi bilbotarrak 5garren postua eskuratu eban bere debutean.

Bai, alkarregaz egon ginen lasterketea hasi aurretik. Helene igerilari oso ona da. Alkar animau genduen, eta egia da lasterketa amaiera arte ezin izan nebala ikusi, baina bere debuta izateko lasterketa paregabea egin eban.

Zein izango da zure hurrengo erronkea?

Lasterketea hau urteko lehen zikloko azken lasterketea izan da, eta orain urriaren 24an izango dan Hawaiko lasterketean zentratuko naz. Beste lasterketa batzuk egongo dira, baina batez be lasterketa horretan jarriko dot burua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00