31 ikaslek euskerea ikasiko dabe Zornotzako Barnetegian

Etxepare Euskal Institutuko unibersidade sareko ikasleak dira
Barnetegian sartuko diran ikasle batzuk / Etxepare Euskal Institutua

Etxepare Euskal Institutuko unibersidade sareko 31 ikaslek euskara ikasiko dabe Zornotzako Barnetegian. 23k hor bertan eta zortzik online, Etxeparek jakinarazo dauanez.

Aurreko urtean egin zan modura, aurtengoan be egonaldiak txanda bitan egingo dabez. Lehenengo txandan (garagarrilaren 17tik 28ra) 17 ikasle dagoz Zornotzan. Bost ikasle Poloniatik etorri dira eta bina ikasle Alemaniatik, Italiatik, Argentinatik, Uruguaytik, Txiletik eta Mexikotik. Euren euskera mailaren arabera sailkatu dabez taldeetan, barnetegian dagozan beste ikasle batzuekin batera, gehienak A1 mailan. Egonaldiaren helburua da euskalduntzearen maila bat egitea. Fetxa bardinetan, beste zortzi ikaslek online ikastaroa egin dabe, bakotxak bere herrialdetik.

Bigarren txandea, barriz, abuztuaren 12ra arte egingo da. 14 ikaslek parte hartuko dabe: Italiatik lau ikasle etorri dira; bina ikasle Bartzelonatik, Poloniatik eta Alemaniatik eta Mexiko, eta bana Argentina, Txile eta Estatu Batuetatik. Ikasleek Aurten Bai-ko programa jarraituko dabe eta bertan hartuko dabe ostatu.

Horreek ez dira, baina, 2023. urtean zehar Euskal Herrira euskerea ikastera etorri diran ikasle bakarrak. Izan be, pasa dan urtarrilean, Etxepare Euskal Institutoak Latinoamerikan daukazan Euskerea eta Euskal Kultura irakurleen sareko 13 ikaslek Aurten Bai barnetegiaz gozatu eben. Gehienek online bertsinoan parte hartu eben, baina beste ikasle batzuk Zornotzan egon ziran.

EUSKARA IKASTEKO BEKAK

Etxepare Euskal Institutuak 2012.urtetik eskaintzen dauz euskerea ikasteko egonaldiak egiteko bekak. Atzerrian euskarearen eta euskal kulturearen irakaskuntza, ikusgarritasuna eta hedapena helburu, Etxepare Euskal Institutua eta Aurten Bai Fundazinoaren arteko hitzarmenari esker, Institutuaren nazinoarteko unibertsitate sareko ikasleek Zornotzako Aurten Bai barnetegian euskerea ikasteko egonaldia egiteko aukerea daukie.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular