Bost enpresak 47.000 euro jasoko dabez Getxon profesionalizatzeko

Karraskan, EIDE, 3dlan Elkartea, Eiken eta Klip Elkartea izango dira onuradunak
Getxoko bost enpresa-proiektuk profesionalizaziorako laguntzak jaso dabez / Getxoko Udala

Karraskan, EIDE, Asociación 3dlan, Eiken eta Asociación cultural audiovisual – Klip Elkartea enpresek 47.111 euro jasoko dabez Getxon “udalerriko eremu estrategikoetan” profesionalizatzeko eta jarduereak garatzeko, Udalak eguazten honetan jakitera emon dauanez.

Juanma Gonzalez Ekonomi Sustapeneko zinegotziak azaldu dauanez, “laguntza hauen bidez enpresa-berrikuntzea sustatu nahi dogu, baita Getxoko enpresak indartzen lagundu be”. “Horrela, kalitatezko enpleguaren aldeko apustuari enpresa-sare dinamiko eta lehiakor baten aldeko laguntza gehitu behar jako, herritar guztien onurarako”, zehaztu dau.

47.111 euroko dirulaguntza emon da, aipatutako bost proiektuen artean banatzeko. Beste hiru proiektu baztertu egin dira: bi, deialdiaren baldintzak ez betetzeagatik, eta bestea, eskatutako gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik.

BOST PROIEKTUAK

Karraskanek 11.250 euroko dirulaguntza jaso dau joan dan ekainaren 15ean “Pausaldiberean” IX. Berrikuntza eta Kultura Jardunaldia antolatzeagatik Getxophoto jaialdiaren baitan.

Bestalde, EIDE, Asociación del diseño vasco – Euskal diseinuaren elkarteak ‘Ekonomia zirkularra eta ekologia egungo diseinuan’ jardunaldia egingo dau azaroaren 16tik 26ra Bilbao Bizkaia Design Week-en. Jardunaldi horretarako 11.200 euro jasoko dauz.

Gainera, 3dlan elkarteak 11.250 euro jasoko dauz aniztasunerako teknologia- eta gizarte-ekosistema bat sustatzeko. Aurtengo azken hiruhilekoan, “3D diseinuko eta inprimaketako tailer praktikoak” egingo dauz, kultura- eta sormen-industrien produktuak eta zerbitzuak tangibilizatzeko eta ikusarazteko.

Eikenek, Euskadiko ikus-entzunezko eta eduki digitalen klusterrak, 10.410 euro eskuratuko dauz azaroaren 10ean “Basqueguna 2023: adimen artifiziala (IA)” egiteko. Tokiko ekoizleentzako berariazko ekitaldia da, euskal sormen-enpresekin eta ikus-entzunezko eta digitaleko 2.0 sektorearekin lankidetzan, Seriesland jaialdiaren eta eduki digitalen nazinoarteko merkatuaren barruan, eta Bilbon egingo da.

Azkenik, Klip Elkarteak “Getxoexpress Pro” jardunaldiak antolatuko dauz urriaren 19an, ikus-entzunezkoen industriari eskainita, GetxoExpress film laburren jaialdiaren barruan. Horretarako, 3.000 euroko laguntza jasoko dau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular