Formula Student proiektuak lehenengo postua lortu dau Silverstonen

Ingalaterran, lehiatu barri dan Formula Student UK lehiaketean
Formula Student proiektuko ikasleak / UPV-EHU

Bilboko Ingeniaritza Eskolaren Formula Student Bizkaia proiektuak ibilgailu autonomoaren diseinuko lehenengo postua lortu dau Silverstonen, Ingalaterran, lehiatu barri dan Formula Student UK lehiaketan. Proiektua lehenengoz lehiatu da ibilgailu autonomoaren modalidadean 15 urte luzeetako historian, eta debutean lortu dau lehenengo saria.

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) jakinarazo dauanez, Bilboko Ingeniaritza Eskolaren Formula Student proiektuak palmares zabala lortu dau bere ibilbide luzean, Formula Student ingeniaritza lehiaketa ospetsuetan, urtero formula motako monoplaza elektriko bat diseinatu, fabrikatu eta horrekin lehiatzen diran 60 ikasle eta ingeniaritzako hiru irakasleren lanaren emaitza izanik.

Azken ikasturte honetan, proiektuak GidarIA izeneko ‘made in Euskadi’ lehenengo gidatze sistema autonomoa garatu dau. Horri esker, ibilgailu automatizatu batera behin konektatuta, inguruko sentsoreen datuak aztertu daitezke adimen artifiziala erabiliz, zirkuituan modu autonomoan ibiltzeko erabaki egokiak hartuta.

Sistema barritzailea automobilgintzaren industriaren estandar barrienetan oinarritzen da, eta sistema autonomoaren diseinu onenaren aintzatespena jaso dau Silverstoneko zirkuituan egin dan Formula Student UK lehiaketan. Orain dala hainbat urtetik hona, Formula Student lehiaketeak ibilgailu elektrikoekin edo barne errekuntzako ibilgailuekin parte hartzeko aukerea emoten dau, pilotu batek gidatuta. Horrez gain, ibilgailu autonomoentzako modalidade bat be hartzen dau barne, kontrol, erabagi eta adimen artifizialeko algoritmoen diseinua eta errendimendua ebaluatzeko, mugikortasunaren etorkizuna izango diralakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular