Mikel Bizkarrak bi denporaldirako barritu dau Euskaltel Euskadin

Gitxienez sei urte beteko dauz Euskadi Fundazinoaren talde profesionalean, 2020tik
Mikel Bizkarra Mañariko txirrindularia / Euskaltel Euskadi

Zalantza barik,  Bizkarra talde laranjearen zutabeetako bat da, erreferentzia bat taldearentzat eta taldekideentzat lasterketetan eta lehiaketatik kanpo, profesionaltasunean, arduran eta erantzunkizunean oinarrituta. 2023 honetan, barriz be distira egin dau emaitzei begira: 16. Volta Comunitat Valenciana, 10. Tour Rwanda, 24. Volta Catalunya, 21. Itzulia Basque Country, 12. Tour Alps, 9. Vuelta Asturias, 16. Mercan ‘Tour Classic Alpes-Maritimes eta 10. Mont Ventoux probetan. Halan da be, femurraren burua hautsi eban bagilaren 15ean Route d ‘Occitanie-n izandako eroriko batean, denporaldiko bigarren zatiko lasterketa garrantzitsuenak galduz. Zorionez, uste baino lehen osatzen dabil, eta baleiteke urtea dortsal bategaz amaitzea.

Mañariko igotzailea Euskadi Fundazinoko kide izan zan lehen etapa batean, lehenengo amateur gisa 2010ean eta ondoren talde kontinentalean 2011 eta 2013 artean, 2020an gaur arte itzultzeko. Profesional mailan, Espainiako Itzuliko lau ekitalditan aritu da bizkaitarra, 2021ekoak eta 2022koak Euskaltel-Euskadirekin.

Mikel Bizkarra: “Oso pozik nago kontratua barritzearekin: Euskaltel-Euskadi etxeko taldea da, umetan egon nahi dogun taldea, miresten genduan taldea, eta, egia esan, ohorea da orain bertan egotea. Oso eskertuta nago danei, denporaldiko lehen zatia oso ona izan bazan be, lesinoaren ondoren berehala jakinarazi baitzidaten ez zala ezer aldatzen eta hurrengo bi urteetarako sinatzea baieztatu eustien. Eskertzekoa da lesino larri baten une latz horretan. Oso pozik nago hemen jarraitu ahal izateaz, eta ia urte politak datozan. Egia esan, 2020an Euskaltel-Euskadin sartu nintzanetik maila onean egotea lortu dot. Helburua bera da berriz be, eta gustatuko litzakit urte bat ezusteko barik osotu ahal izatea. 2020. urtea pandemia izan zan, eta, ondoren, urtero gertatu jata zxozer; urte batean lepauztaia hautsi neban; beste batean, haustura bat irrati-buruan; eta aurten lesinoa larriagoa izan da. Urte oso bat izan nahiko nuke taldeari konfidantzea itzultzeko eta laranjaren lehen garaipen hori lortzeko”.

Jorge Azanza, Euskaltel-Euskadiko kirol arduraduna: Bizkarra taldeko oinarrietako bat da. Dohainak erakusten dauz etapa gogorrenetan eta mailarik gorenean; beti dago hor. Profesionaltasunari esker, maila altuari eusten deutso. Eta daukan esperientzia dela-eta ezinbestekoa da taldeko gazteak hazten laguntzeko. Zalantzarik gabe, bere barrikuntza albiste bikaina da”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00