Athletic ausart batek bardinketea lortu dau jokolari bat gitxiagogaz (2-2)

Yuri Berchicheren eta Iñaki Williamsen golekin Athleticek bardinketea lortu eban Getaferen aurka. Oihan Sancetek txartel gorria ikusi eban
Iñaki Williams, partiduko bigarren gola ospatzen / Athletic Club

Athleticek eta Getafek partidu zirraragarria eta polita jokatu eben, eta gol biko  bardinketeagaz amaitu  zan partidua. Getafek bi bider bardindu eban euskal taldearen abantailea, lehen zatiko azken minutuetan Oihan Sancetek txartel gorria jaso eta gero. Latasak, Carmonaren erdiraketa baten ondoren burukada bategaz, Athleticen garaipena eragotzi eban, Iñaki Williamsen gidaritzapean.

Partidua erritmo biziagaz hasi zan, baina Athleticen aginteagaz, Getafe mendean hartuta. Horren ondorioz etorri zan lehen gola. 11. minutuan, Alex Berenguerrek falta bat atara eban area aurrean, Yuri Berchichek jaurtiketea indartsua egin eta David Soria gaindituta.

1-0agaz Athletic nagusi izan zan eta aukerak izan ebazan, nahiz eta Getaferentzat izan zan argiena, baina Borja Mayoralek Unai Simonek buruz burukoa zelan gelditu eutson ikusi eban. Ondoren, Guruzetak beste aukera bat izan eban, baina ezin izan eban David Soria gainditu. Apur bat nasaitu zan partidua atsedenaldiaren atarian, neurketea aldatu eban jokaldia ailegau zan arte. Oihan Sancetek falta gogorra egin eutsan Diego Ricori, Getafeko atzelariaren burutik gertu hankea altxatuz. Diaz de Mera Escuderosek, partiduko epaileak (eta pasadan denporaldiko azken partiduan Carvajaleri txartelik atara ez eutsona, Yuriren lesinoa sortu eban ostikadarengatik), ez eban zalantzarik izan eta erdilaria kanporatu eban Athletic jokalari bat gitxiagogaz itxiz bigarren zatiari begira.

Azken zatian, Getafek abantaila ona egin eban eta 50. minutuan bardinketea lortu eban Carles Aleñaren erdiraketa baten ostean, korner batean. Gaston Alvarezek buruz egin eban errematea, Iñaki Williamsek desbideratu ondoren. Bakar-bakarrik egoan Alvarez kornerra errematetan.

Getafe nagusi izango zala emote  baeban be, hor agertu zan Iñaki Williamsen irudia bere taldea aurretik jarteko banakako jokaldi bategaz Getaferen area barruan. Aurrelariak defentsa ebagi eban eta ezker hankeagaz David Soria gainditu eban baloia zutoin luzean jarriz. 63. minutua zan.

Hortik azkenera Getafe ahlaegindu zan eta 83. minutuan Latasaren burukadea Carmonaren erdiraketara heldu zan 2-2koa jarriz. Holan amaitu zan partidu handi eta polit bat, talde biek izan eben azken eztabaideak be hondatu ez ebana eta Jose Bordalasen kanporatzea eragin ebana, Carmonaren ‘show’arengatik.

Emaitza honegaz Athleticek 14 puntu daukaz Lehen Mailako sailkapenean eta Txapeldunen Ligako postuetan jarraitzen dau. Lehoien hurrengo partidua, zapatuan, 21: 00etan, Donostian, Realaren aurkako euskal derbian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude