Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ‘Detective Toure’ telesailaren filmazinoaren zati bat ikusi dau eguen honetan. Bagilaz geroztik, Bizkaiko uriburuan filmetan dabilz, beren beregi San Frantzisko auzoan. Filmaketa datorren martitzenean amaituko da urian eta datorren urtean estreinauko da.
Bilboko Udalak jakinarazo dauenez, alkateak, Xabier Ochandiano zinegotziagaz eta Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko diputaduagaz batera, La Concordiako tren geltokian egon dira telesaila hantxe filmetan egozala aprobetxauta.
Aburtok aktoreekin, zuzendaritza taldeagaz eta teknikariakaz berba egin dau baita Mariela Besuievsky Tornasol Mediaren arduradunagaz be. “Estaduko bost ekoizle nagusietako bat da, eta ekimena abian jarri aurretik be, zinegotziari emon eutson horren barri”, azaldu dau Udalak.
Alkateak hareekaz guztiakaz eretxiak trukatzeko aukerea izan dau, eta “uribilduan filmetearen eta auzoan integretearen esperientzia positiboa” azaldu deutse.
Aburtok azaldu dauenez, “uriak une ona bizi dau ikus-entzunezko espazio lez, Aldundiak industria barri honi emoten deutsazan biztugarri fiskala gure artean finkatuz doa eta gainera profesional bikainak ditugu”.
“Sektore hau, beste motor ekonomiko bat izateaz gain, Bilbo eta Bizkaiaren sustapenerako erakargarria da, eta herritarrek asko estimaten dabe”, azpimarratu dau.
Sei atal
Esteban Crespo (Black Beach) eta Violeta Salama (Alegría) zinemagileak zuzentzen dabez datorren urtean TVEn eta EITBn estreinauko dan telesaila osatzen daben sei atalak.
‘Detective Touré’ Tornasol Media, DeAPlaneta, Detective Touré AIE, RTVE eta EITBren koprodukzinoa da, Europa Creativa Media programaren laguntzeagaz. David Pérez Sañudok eta Carlos Vila Sextak sortu eben, Flora González Villanueva gidoilariaren parte-hartzeagaz, eta Jon Arretxe euskal idazlearen eleberrietan oinarrituta dago.
Udaletik azaldu dabenez, Toure, Gineako etorkina, Bilboko San Frantzisko kalean dago, eta “era askotako erronka eta misterioei” aurre egingo deutse. Malcolm Treviño-Sitte-rekin batera, Unax Ugalde, Itziar Ituño, Loreto Mauleón, Itsaso Arana, Hurko Olazabal, Gorsy Edu, Emilio Buale, Goize Blanco, Lander Otaola, Ayoub El Hilali, Jon Olivares eta Ane Gabarain aktoreak parte harten dabe.