Kutxabank Pala Liga barrian palistak ez dagoz guztiz eroso

Bost tantuko arau barria ez jake palistei larregi gustetan
Kutxabank Pala Liga 2023aren aurkezpena, Bizkaia Frontoian / Bizkaia Irratia

KutxaBank Ligaren edizino barri batean aurkeztutako nobedadeek, beste behin be, eztabaidea sortu dabe.

Palako txapelketarik luzeena bariku honetan bertan hasi eta gabonilaren 16an amaituko da gabonen atarian Bizkaia pelotalekua jaialdi guztien eszenatoki dala. Lehen begiratuan gehien nabarmentzen dan aldaketa janzkeraren koloreena da, kolore gorri eta urdin biziak alde batera itxi eta pastel-tonalidade batzuk hartzen dabez. Dana irudi “modernoagoa, gazteagoa eta indartsuagoa bilatzeagaitik izan da” azaldu dau Josu Urkijo Innpala agentziako zuzendari teknikoak.

Eztabaidatuena, zalantzarik barik, bosgarren seta ezarteko neurria izan da, bardinketa haustekoa, bost tantura bakarrik, gainerako jokoetan garaipena marketan daben hamar tantuen ordez. “Udan probau dogu eta emozino gehiago emon deutse partidei. Bosgarren seta hamar tantura danean, partida gehiegi luzatzen da, ordu eta erdira edo gehiagora “, azaldu dau Urkijok. Nobedade honek protagonisten eretxi ezbardinak eragin dauz.“Ondo deritzot. Publikoarentzat hobea da eta gu, uda honen ostean, ohitu gara. Formula ona da, azken setaren bila kontzentrauago urtetera beharten zaitu “, inoan Dan Necol frantziarrak. “Enpresaren erabagia da eta onartu egin behar da, baina niri ez jat gustetan. Izan leike ikusleentzat erakargarriagoa izatea, baina loteria bat dala uste dot. Lehen bi tantuak galtzen badozuz, ez dozu erreakzionetako denporarik “ inoan Urrutiak. Maldonado taldekideak tarteko bide bat hartu eban: “Esango dot irabaztea edo galtzea tokaten jatanean gustetan jatan ala ez. Kontzentrauago dagozanek irabaziko dabe. Zaila da bost tantura jokatzea, baina lau pelotarientzat bardina da “.

Bariku honetako lehen jardunaldian (19: 00etan), Necol-Alkorreta Ibarguren-Gordonen aurka lehiatuko dira, eta, bestalde, Gaubeka-Ibai Perez Maldonado-Urrutiaren aurka lehiatuko dira, askok titulurako hautagai nagusitzat joten dituen bi duparen artean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular