Lezamako aurrelarien konexinoak Cadizen horma bota dau (3-0)

Guruzeta, Villalibre eta Iñaki izan dira bigarren zatian garaipena emon daben golegileak
Iñaki Williams, Cadizen aurkako hirugarren gola ospatzen / Athletic Club

Partidu polita gaur eguerdian Katedralean bizitakoa. Ligak bazkalorduan jarten eban ordutegia, eta hara lehoiak gosez etorten ziran. Athleticek 3-0 irabazi dau, Cadiz eskas baten aurka. Athleticen aurrelarien arteko lotureak (harrobiko jokalariak hirurak, gainera) Cadizek jarritako hormea botateko balio izan deutse, frontoi bat jarri eta San Mamesen bardinketa besterik bilatzen ez ebana.

Arratsaldea lodi hasi da, Bilboko eguraldia lez. Bazirudien Athletic Cadizen joko mustuaren atzetik ebilela, eta pozik egoan markagailuan lortutako hutseko bardinketeagaz. Partidua 25. minutuan hasi da, De Marcosen erdiraketea Guruzetaren burukada baten ondoren. Conan Ledesmak erantzun bikaina izan eban, atezain argentinarrak erakutsitako maila bikainean. Aukera honen ostean, gola aurrelari donostiarraren burutik pasa da barriro, eta ezin izan dau Iñaki Williamsen pase on bat harrapau.

Bi aukera honeen ondoren, lehoiak animau egin dira eta defentsa cadistako zuloak aurkitzen hasi ziran. Berenguerrek urrungo jaurtiketekin zan, eta Sancetek langara bidali zituan baloi bi. Taldeak bardinketagaz joan ziran atsedenaldira, partidua bardinketan amaituko zalako sentsazinoagaz, igaz askotan gertatu zan lez, izan be, taldeak asko sortu dau, baina ez dau pelota sartzea lortu.

Bigarren zatia bardin hasi da. Ledesmak Sanceten aukera bikotxak geldituz hasi eban bigarren zatia. Cadizek bilbotarren gola etorrela ikusten eban, eta Sergiok hiru aldaketa egin ebazan erasoan, Maxi Gomez, Robert Navarro eta Darwin Machis sartuz. Maxik 66. minutuan izan eban Cadizen lehen abagunea, eta jokaldi horren kontraerasoan Gorka Guruzetak bigarren zutoinean errematau eban Oscar De Marcosen erdiraketa neurtua, Conan Ledesmaren partiduko lehen akatsaren ondoren.

Jarraian, Txingurrik aurrelari donostiarra aldatu eban Asier Villalibreren ordez, eta Gernikako Bufaluak bigarren lortu eban sartu bezain pronto Iñaki Williamsen pase eder baten ostean. Azkenik, partidua erabat itxita egoala, Iñaki Williamsek hirugarrenagaz biribildu dau arratsaldea 90. minutuan, Athleticek San Mamesen egindako jokaldi mitiko baten ondoren, Asier Villalibrek egindako orrazkera batekin. Aitatzekoa da minutu batzuk geroago Unai Simonen geldiketa bikaina atea hutsean mantentzeko.

Athletic sentsazino oso onekaz bueltau da nazinoarteko geldialditik, sailkapeneko bigarren postuan momentuz, 10 punturekin Cadizen aurkako garaipenaren ostean, bai jokoagaz, bai golekaz, erasoko jokalari guztien eskutik. Hirurak “Made in Lezama”.

Hurrengo partidua: Irailaren 22an, barikua, 21:00etan Alavesen aurka, Mendizorrotzan, Gasteizen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular