Beste urte batez Gernika-Lumoko Urriko Azken Astelehena euskal nekazaritzearen erakusleiho nagusi bihurtuko da. Azokak 251 postu bilduko dauz aurtengo edizinoan, nekazaritzako elikagaien, artisautzaren, nekazaritzako makinariaren eta beste zerbitzu batzuen ordezkaritza zabalagaz. Artisautzak 56 postu izango dauz, eta kaleko saltzaileek 40. Eskaintzea osotuteko, erroskilla postuak, txosnak, eta zerbitzuetarako eta sustapenerako beste espazio batzuk jarriko dira.
Baserriko produktuen artean, gaztaia izango da erreferentzia nagusietako bat, 42 postugaz. Ostean, ogia eta euskal pastela, 23gaz, eta txakolina, 16gaz. Horrezaz gain, 15 postu izango dira ezti produktuakaz, 10 kontserbakaz, 9 barazkiakaz, 6 sagardaoagaz, 6 frutakaz, 5 esnekiakaz, 6 ahate produktu eta pateagaz, eta bi landareakaz. Nekazaritza makinariako 9 postu be egongo dira, eta baita alkartasunari, informazino turistikoari eta BBKren sustapenari eskainitako standak be bai. Txosnak eta erroskilla postuak herriko hainbat puntutan banatuta egongo dira, eta merkatu plazak astelehenetako ohiko jarduerari eutsiko deutso.
Goizeko 09:00etan zabalduko dabez postuak. 11:30ean harrera ofiziala egingo da udaletxean. Aurten, omenduen artean, zesta-puntan munduko txapeldunak izan diran Unai Lekerika eta Xabi Barandika izango dira. Ordu erdi geroago, Merkurio iturrian, Amets Arzallus eta Onintza Enbeita bertsotan arituko dira. 13:00etan, leku berean, produkturik onenen sariak banatuko dabez, eta ostean, gaztai enkantea. Amaitzeko, 18:00etan, Gernika Jai Alai Winter Series txapelketea hasiko da Jai Alai frontoian: Urreisti-Atain vs Goitia-Oyhenard, eta Erkiaga-Salegi vs Goixerri-Lekerika.
Milaka eta milaka dira urtero Gernika-Lumora gaurko egunez hurreratzen diran herritarrak. Igaz 115.000 pertsona. EuskoTrenek ohiko tren zerbitzua indartuko dau. Joan-etorriak errazteko asmoz, egun osoan zehar tren bereziak ibiliko dira E4 Matiko/Bilbo – Gernika-Bermeo linean. Zerbitzua areagotu egingo da jente gehien itxaroten dan ordu tarteetan.
Bizkaia Irratiak Gernika-Lumotik eskainiko dau goizeko programazinoa gaur.