Metal doinuak nagusi Diman

Dimetal Fest jaialdiaren VII. edizinoa egingo da asteburuan
Dimetal Fest jaialdia / Bizkaia Irratia

Dimetal Fest jaialdiaren zazpigarren edizinoa egingo da gaur eta bihar Diman. 2015. urtean sortutako Dimetaleroak alkarteak antolatuta, metal doinuak izango dira nagusi astegoien honetan Arratia aldean. Urte osoan lanean ibili ostean, aurten, kultur jarduerak be eskeiniko dira. Bihar goizerako, mahai-ingurua egoan iragarrita baina bertan behera geratu da. Herri bazkaria antolatu. Honetan, musikariak eta zaleak alkarregaz egongo dira mahaian. Berrehun lagunentzako lekua dago. Bazkalostean “metalbertsoak” izango dira. Oihana Bartra eta Paule Loizaga bertsolariak arituko dira Kapi Guarrotxena gitarrajoleagaz batera, Porco Bravo, OST eta Unholy Covers taldeetan ibilitakoa bera. Ibon Izak egingo dauz gai-emole lanak.

Kontzertuak arratsaldez

Kontzertuak, gaur eta bihar, arratsaldeko seiretan hasiko dira. Gaur, tartean, Pi.L.T izango da. Talde honen itzuleraren lehenengo emonaldia Dimakoa. Aurretik, Penny Fleck, Alma Culter, Bullets of Misery eta Asgarth taldeak arituko dira.
Bihar, Euskal Herritik kanpoko talde bakarra arituko da, Kataluniatik datorren We Exist Even Dead. Eurakaz batera, Calathea, Rodeo, Numen, Cobra eta Arratiako Kristonak izango dira. Kristonak taldeko Peio Artetxe baxujoleak asteon Kantuka eta Kontuka irratsaioan esan deusku, etxean joteak urduritasuna eragiten dauan arren, etxekoen berotasuna sentitzea plazer bat da eurentzat. Dimetaleroek txosnea jarriko dabe eta Dimako Andraizea talde feministeak puntu morea be jarriko dau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular