Open House Bilbao jaialdiak 65 gune baino gehiagoko ateak irekiko dauz

Domine Hotela, Olabarri Jauregia, IDOMen egoitza edo Artxibo Historikoa barrutik ezagutu ahalko dira
Open House Bilbao 2023 / Bilboko Udala

Open House Bilbao 2023 jaialdia urriaren 7an eta 8an izango da, ‘Hiria (in) materiala. Hiri (ez) materiala ‘ekimenean 65 espazio baino gehiagoko ateak edegiko dira hirian eta 19 jarduera osagarri programatuko dira, Bilboko Udalak jakinarazi dauenez.

Barrikuntza lez, edizino honetan Bilbok bat egingo dau Europako hamaika urigaz, Open House Europa nazinoarteko lankidetza-proiektu barriaren barruan. Proiektu hori Europar Batasunak finantzetan dau, Creative Europe programaren esparruan. Ekimen barri horrek arkitekturari buruzko eztabaida inklusiboagoa sustauko dau, eta diziplina horrek gizarte- eta ingurumen-erronken aurrean aldaketa positiboaren eragile gisa dauen zeregina indartuko dau.

Open House Bilbok 65 espazio baino gehiagoren ateak edegiko dauz hirian, eta 19 jarduera osagarri programatuko dauz adin guztietako publikoentzat, espazio publikoan egingo diranak. Edizino honetan, uriaren dimentsino ikugarri eta ikutuezinekoari buruzko gogoeta egingo da, baita arkitekturaren eta urigintzaren ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-iraunkortasunari buruzkoa be.

Eraikinetara sartzeko ez da beharrezkoa aldez aurretik izena emotea, baina bai jarduera osagarrietan parte hartzeko. Open House Bilbo 2023 hainbat galderari erantzuten saiatuko da, adibidez, uria zeri buruzkoa dan, zenbat baliabide kontsumitzen dauzan eta alderdi ikutuezinekok, halan nola kulturak, adimen kolektiboak eta arau eta planak gure uria eta gure espazio publikoa nola moldatzen daben.

Jaialdiak ahalik eta jente gehienarengana iritsi nahi dau, arkitekturan espezializauta ez dagoan publiko batetik eta sektoreko profesionalengana. Horretarako, kultur programa zabala diseinau da, eta horren barruan, jarduera nagusia Bilboko eraikin adierazgarrietara bisita gidauak egitea da, bertako arkitektura, historia eta kulturea ezagutzeko.

Bisita horreek doan eskeintzen dira eta honako helburu honeek daukiez: arkitekturaren zeregina zabaltzea, ez bakarrik ikuspegi estilistiko, tipologiko eta historikotik, baita ikuspegi sozialetik be; eraikinen barruan bizi izan diran istorioak azaltzea, azkenean uriaren oinarria diralako eta, horrela, herritarrak beren urian turista sentiduko dira.

Bisitau beharreko espazioen zerrenda osoa datozan asteetan argituko da. Dagoaneko 450 boluntario baino gehiago dagoz izena emonda, baina 600 boluntario behar dira aurreikusitako eraikin guztiak edegi ahal izateko.

Open House Europa esparruaren barruan, Europako beste uri batzutako (Lisboa, Dublin edo Milan, besteak beste) 10 boluntario hartuko ditu lehen aldiz jaialdiak, OPEN urien arteko trukea eta harremana sustatuz.

Open House Bilbo 2023 programa edizinoaren gai espezifikoetan eragina daben jarduerekin osatzen da, eta horretarako beharrezkoa da aldez aurretik izena emotea. Inskripzino horiek ekitaldiaren webgune ofizialaren bidez bakarrik egin ahal izango dira, edukiera agortu arte.

360º-ko esperientzia arkitektonikoak, GJHak ezagutzeko familia-tailerrak, familientzako pilula sortzaileak, umeentzako jolasak eta ipuinak, uri-ibiltaldiak, itsasadarreko nabegazinoak, edo egile-bisitak, beren lanak bisita esklusiboetan lehen eskutik azalduko dauzan arkitektoen parte-harteagaz, izango dira proposatutako beste jardueretako batzuk.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00