Bigarren urteera jarraian Sestaorentzako. Talde berde-baltza Madrilera joango da zapatuan (16: 00etan) Korpus Clinic Cosladari bisita egiteko El Olivo kiroldegian, denporaldi hasierea onari jarraipena emoteko helburuagaz. Rivas La Benedicta eta Universidad de Burgos etxetik kanpo gainditu ondoren, Paki Blancoren jokalariek orain arteko sentsazino onak berretsi nahi ditue Lehen Mailako A Moltsoko goiko aldean garaipena lortuz.
Sestaoarrak Tenerifeko Elite Voley El Rosariorekin bardinduta dagoz, sei seteko balantzeagaz alde eta bat kontra. Une honetan, taulako posizinoa anekdotikoa da oraindik, baina, zalantza barik, taldeari astean zehar hobeto lan egiten laguntzen deutso, kontzeptuak finkatzeko aldi batean. Cosladak, bere aldetik, erraz irabazi eutsan Universidad de Burgosi be etxeko debutean eta Sayre Décima Canarioren kantxan 3-1 galtzetik dator.
“Lan handia geratzen da aurretik, baina jokalariak oso ondo ari dira lanean eta oraingoz balantzea positiboa da. Burgos azterketa garrantzitsua zan, kanpoan irabaztea beti dalako zaila, eta uste dot taldeak ondo hasi ez bazan be, maila onagaz irabazi ebala. Denpora asko eroan dogu etxetik kanpo hiru puntuak ateratearen sentsazino hori izan gabe, eta ilusinoa pizten deusku ildo horri jarraitzeko eta Cosladan errepiketen saiatzeko. Badakigu zaila izango dala, etxean be oso indartsu hasi ziralako, baina gure motibazinoa handia da”, azpimarratu dau Paki Blanco Sestaoko entrenatzaileak.