Athleticek aurrera egin dau kopan baina gehiegi sufriduta

Zuri-gorriek 1-2 irabazi eben errejional mailako Rubi taldearen zelaian baina ordua eskatzen amaitu eben partidua
Adu Ares gazteak sartu ebazan zuri-gorrien gol biak kopa txapelketako kanporaketan / Athletic Club

Athletic kopa txapelketaren bigarren kanporaketan egongo da Bartzelonako Rubi taldearen zelaian 1-2 irabazi ostean. Uste baino gehiago sufridu eban Valverderen taldeak errejional mailako aurkaria menderatzeko. Partidua hasi eta berehala zuri-gorriek aukera garbi bi euki ebezan aurkariaren atea zulatzeko baina atezainak ozta ozta atara eban Berenguerren jaurtiketea eta hurrengo jokaldian be desbideratu egin eban Raul Garciaren burukadea. Horreek biak izan ziran lehen zatiko gol aukera garbienak. Athletic nagusi zan zelaian baina nagusitasun horrek ez eukan islarik markagailuan.

Valverdek ligan jokatzen ez daben gizonak zelairatu ebazan Rubiren aurkako hasierako hamaikakoan eta ez eban aldaketarik egin, atsedenaldira husnako bardinketeagaz iritsi arren. Zuri-gorriek indartsu ekin  eutsoen bigarren zatiari eta seigarren minutuan Adu Aresek sareetara bidali eban baloia, ezker aldetik Iñigo Lekuek egindako jokaldi baten ostean.

Handik zazpi minutura, Adu Aresek berak bigarren gola sartu eban buruz, barriro be ezker aldetik Lekuek eta Berenguerrek egindako jokaldi baten ostean. Kanporaketea bideratuta ikusita eta ezustekoak saihestu gurean Ernesto Valverde aldaketak egiten hasi zan eta titular batzuk zelairatu zituan. Dani Garcia, Iñigo Ruiz de Galarreta, Vivian eta Sancet, besteak beste. Asier Villalibrek be minutu batzuk jokatzeko aukerea euki eban Raul Garciaren lekua hartuta. Nafarrak hasieratik jokatu eban kopako partidua baina ezer gitxi emon eutson taldearen jokoari.

Partidua erabagita egoala zirudienean, Rubik Julen Agirrezabalaren atea zulatzea lortu eban partidua amaitzeko lau minutu bakarrik geratzen ziranean. Ordura arte, etxeko taldeak ez eban ia jaurti bere egin zuri-gorrien atera baina 86 minutuan Marc Rodriguezek bikain errematau eban ezkerraldetik eginiko erdiraketea. Peru Nolaskoain oso makal ibili zan Rubiren golaren jokaldian.

Lau minutu geratzen ziran partidua amaitzeko eta beste bost minutuko luzapena. Nork esango eban Athleticek sufridu egingo ebanik errejional mailako talde baten aurka. Eta futbolean sarritan gertatzen dan lez, Rubik bardinketearen gola sartzeko aukerea euki eban azken minutuan baina zorionez zuri-gorriek urrundu egin eben arriskua.

Kontuak kontu, Athleticek aurrera egin dau kopa txapelketan eta horixe zan garrantzitsuena. Hori bai, gatxa da ulertzeko zelan sufridu lei horrenbeste lehen mailako talde batek Rubi lako talde xume bat kanporatzeko. Holakoa da kopea. Athletic kopa txapelketaren bigarren kanporaketaren bonboan egongo da datorren asteko martitzenean egingo dan zozketan. Orain, ligara begira barriro be. Zuri-gorriek azterketa gogorra daukie datorren domekan Vila-rrealen zelaian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular