Begoñazpi Ikastola, Panaman izango dan robotikako munduko finalean

Ikasle talde bat, hileon munduko robotikako lehiaketarik entzutetsu eta zorrotzenetakoan lehiatuko da
Begoñazpi Ikastolako robotika ikasleak / Begoñazpi Ikastola

Bilboko Begoñazpi Ikastolak, Panaman zemendiaren 7, 8 eta 9an izango dan munduko robotikako lehiaketa entzutetsu eta zorrotzenetakoa dan mundu mailako finalean norgehiagokan jardungo dau. 8 eta 19 urte bitarteko neska-mutil gazteei zuzendutako Roboten Munduko Olinpiada hau, STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematikak) trebetasunetan oinarrituta dago eta gazteak teknologia eta ingeniaritzara modu ludiko eta dibertigarrian hurbiltzea dau helburu.

Begoñazpiko taldea, La Seu d’Urgellen (Lleida) izan zan estaduko lehiaketea irabazi ondoren joango da munduko finalera. Taldea, Jokin Bernaola irakaslearen zuzendaritzapean, Batxilergo 1. mailan dagozan Galder, Amaiur eta Garazi ikasleak osatzen dabe. Proiektua, Ikastolako hezkuntza etapa guztietako, hau da, Haur Hezkuntzatik Batxilergora bitarteko eskola- curriculumean txertatuta dagoanez, nabarmena dan robotikaren aldeko apustuaren barruan dago.

Programazinoan oinarri sendoa izanik, ikasleak parte hartzen daben lehiaketetan proposatzen deutsiezan hainbat erronkatara egokituko dira. Oraingo honetan, RoboSports diziplinan lehiatuko dira. Horretarako, kirol-joko batean lehiatuko dan LEGOz egindako robota egin beharko dabe. Ping-pong edo tenis kirolen antzeko kirol honetan robotak pelota guztiak joko-zelaiaren beste erdian jarri beharko ditue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular