Garaipenaren bidera itzuli da Athletic Vila-realen zelaian 2-3ko emaitzarekin irabazita. La Ceramican lortutako hiru puntuei esker, Ernesto Valverderen taldea sailkapeneko bosgarren postuan kokatu da, Europarako sailkatzeko lekuetan hain zuzen. Zuri-gorriek nahi baino gehiago sufridu eben azken minutuetan. Izan be, 0-3ko emaitzeagaz iritsi ziran azken bost minutetara baina Vila-realek, amore emonda egoala zirudienean, gol bi sartu ebazan eta kolokan jarri eban zuri-gorrien garaipena. Zorionez, etxeko taldeak ezin izan eban markagailua irauli eta hiru puntuak Athleticentzat izan ziran.
La Ceramica ez da inoiz estadio erosoa izan zan Athleticentzat. Igaz bertan, 5-1 galdu eben zuri-gorriek Vila-realen zelaian. Estatistikek, baina, ez dabe ezertarako balio eta Athleticek aspaldiko garaipen garbiena lortu eban etxetik kanpo. Denporaldi hasierako partiduetako hamaikakoa berreskuratu eban Valverdek hamabigarren jardunaldinako partiduari aurre egiteko. Lesionatuta egon diran jokalariak errekuperatu eta Vesga-Ruiz de Galarreta bikotea zelairatu eban erdialdean, Williams anaiek eta Oihan Sancetek osatutako hiruko lerroaren atzetik. Atzealdean, Valverdek ordezkoen aulkian itxi eban Imanol Garcia de Albeniz, Valentziaren aurka hasieratik zelairatu ostean, eta Lekueri emon eutson titulartasuna.
Zuri-gorriek ezin hobeto ekin eutsoen partiduari, bigarren minuturako Iñigo Ruiz de Galarretak Jorgensenen atea zulatu ebalako areaz kanpotik egindako jaurtiketa bategaz. Gol bikaina benetan eibartarrak sartutatakoa.
Zuri-gorriek eraginkortasun itzela erakutsi eben atzo La Ceramica estadioan. Izan be, Valverderen gizonek beste gol bat sartu eben aurkariaren atera inguratu ziran hurrengo jokaldian. Nico Williamsek baloi bat eskuratu eban zelai erdian ekipoak egindako presinoari esker, Oihan Sanceteri emon eutson baloia eta honek area barruan sartu eta itzuli egin eutson Williams anai gazteak sareetara sakatu eian. Bigarren gola be jokaldi ederra izan zan eta min handia egin eutson etxeko taldeari. Baina zuri-gorrien gol festea ez zan hor amaitu. Hogeta hamargarren minutuan, Iñaki Williamsek eskoiko hegala itxi eta barrurantz egin eban baloia jasoteko area ertzean. Bilbotarrak buelta erdia emon eta sareetara bialdu eban baloia atezainaren ezker zutoinaren albo albotik.
Aurrealdean eraginkor izateagaz batera, zuri-gorriek ez eben arazo handiegirik izan Vila-realen erasoko jokoa kontrolatzeko. 0-3ko emaitzeagaz amaitu zan lehenengo zatia eta zuri-gorriek ondo bideratuta eukien garaipena. Bigarren zatian gauzak ez ziran askorik aldatu. Hori bai, Athleticek ez eban arriskurik hartu markagailuan hiru goleko aldea izanda. Vila-realek ez eban gauza handirik egin Unai Simonen atea zulatzeko.
Minutuak aurrera joiazan eta entrenatzaile biek aldaketa guztiak agortu ebezan. Partidua erabagita egoala zirudienean, Gerard Morenok 1-3koa sartu eban eta handik minutu batera Sorloth norvegiarrak etxeko taldearen bigarrena sartu eban. Zazpi minutu gehiago jokatu ziran Vila-realeko bigarren gola sartu eta partidua amaitu zan arte baina zorionez etxeko taldeak ez eban gol gehiago sartu eta hiru puntuek Bilborako bidea hartu eben.
Partidua irabazita helburua bete arren, lastimea izan da lehiak horrelako amaierea izatea. Valverdek eta bere jokalariek ondo aztertu behar dabe azken minutuetan geratutakoa, balio handiko garaipena arriskuan ipini eben-eta. Kontuak kontu, urrearen balioa daukan garaipena zuri-gorrientzat eta datorren barikuan Celtaren aurka San Mamesen jokatuko daben partidura begira. Vila-realen zelaian lortutako garaipenak konfiantza handia emon behar deutso Valverderen taldeari.