Abenduaren 16an, zapatuan, jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala. 17:00etan hasiko da, Bilbao Arenan. Honeek dira finalera heldu diran zortzi bertsolariak: Aissa Intxausti, Aitor Etxebarriazarraga, Gorka Pagonabarraga, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia.
Finalera iritsi aurretik ibilbide luzea egin dau Bizkaiko Txapelketak. Maiatzean jokatu zan Udabarria Bertsotan txapelketako sailkapen fasea, eta urriaren 1ean hasi zan txapelketea. Udagoienean 6 kanporaketa jokatu dira eta 36 bertsolarik parte hartu dabe. Finalaurrekoetan 7 bertsolari egon dira zain (2021eko finaletik zuzenean sailkatutakoak), eta kanporaketetatik sailkatutako 11kin batuta, danetara 18 bertsolarik kantau dabe finalaurrekoetan. Horreetatik, zortzi heldu dira finalera.
Begoña Iturrizak jantziko deutso txapela Bizkaiko txapeldunari. Bizkaiko Bertsozale alkartearen jaiotzaren parte izan zan Iturriza, orain 40 urte. Alkartearen sorrerako kideen lanari aitortza emon gura izan jako izendapen honegaz.
Talde teknikoari jagokonez, finalean Zihara Enbeita eta Beñat Vidal ibiliko dira gai-jartzaile lanetan. Epaileak, barriz, Ainhoa Arregi, Ander Arrien, Ander Txakartegi, Joseba Santxo, Jurgi Fuentes, Leire Etxebarria eta Miriam Juaristi izango dira. Idazkari lanetan, barriz, Itziar Basterretxea ibiliko da.