Uribe Kostako itsaslabarretan barrena egiten dan Kosta Trail lasterketearen 18. edizinoa bagilaren 16an izango da. Edade, egoera eta exijentzia guztietako korrikalarien eta parte-hartzaileen ekitaldi gogokoena da honakoa, urtero-urtero 4.000 izen-emote baino gehiagogaz. Hiru modalidade izango dira: mendiko maratoi erdia (21 km), mendi ibilaldia (20 km) eta familientzako ibilaldia (7 km).
Kosta Trail kirola, osasuna, inklusinoa, alkartasuna eta jasangarritasuna bateratzen dauazan probea da. Forum Sport, Salomon eta Laboral Kutxa babesleei esker, eta baita parte-hartzaile guztiei esker be, antolatzaileek izen-emoteen bidez bildutakoaren zati bat GaituzSport Fundazioari emongo deutse, aurreko urteetan egin dan lez. GaituzSport erakundea jarduera fisikoaren bidez inklusinoa sustatzen erreferentea da.
2006. urtean lehenengoz antolatu zanetik gaur arte, Kosta Trailek 185.000 euro baino gehiago -13.300 € joan dan urtean- emon deutse dohaintzan hainbat alkarte eta kolektibori, besteak beste, esklerosi anizkoitza, haurren minbizia edota diabetesa moduko kausak babestuz.
Martiaren 18an zabalduko da izena emoteko epea
www.kostatrail.com web orriaren bitartez bakarrik emon daiteke izena hiru distantzietan parte hartzeko. Maratoi erdian izena emoteko prezioa 18 €-koa da mendizale federatuentzat eta 23 €-koa federatuta ez dagozanentzat. Ibilaldien kasuan, parte hartzeko prezioa 6 €-koa da. Izena emoteko epea martiaren 18an hasiko da, eta maratoi erdian parte hartzeko asmoa daukienek maiatzaren 1era bitartean edo izen-emoteak (350 inskripzino) amaitu arte emon ahal izango dabe izena. Martxen kasuan, bagilaren 16ra arte, lekuak lehenago amaitzen ez badira.