Athleticek bana bardindu dau San Mamesen Granadaren kontra, ligako hogeita hamabigarren jardunaldian. Athletic faborito argia zan partidua hasi aurretik. Beraz, lortutako emaitza oso eskasa da, batez be, datorren denporaldiko Txapeldunen Liga jokatzeko lehiari eusteko. Partidua bukatu eta gero, Atletico Madrilek hiru puntuko abantaila dauka talde bizkaitarrarekiko, Alavesen kontrako bere norgehiagoka jokatu aurretik. Beraz, sei puntuko aldea egon lei talde bien artean jardunaldia bukatzean.
Gauzak hasieratik okertu dira Athleticentzat. Aitor Paredesek txartel horia ikusi dau laugarren minutuan eta Iñaki Williamsek bere atean sartu dau baloia seigarrenean. Beraz, Granada aurretik ipini da markagailuan hiru zutoinen artean jaurtiketarik egin barik. Edozelan be, Athleticen erantzuna nahiko laster heldu da. Gorka Guruzetak bardinketaren gola sartu dau 24. minutuan, Nico Williamsek bere hegaletik min egin eta gero. Lehen zatiko albisterik txarrena Oscar de Marcosek ikusitako bosgarren txartel horia izan da. Eltziegoko jokalariak ezingo dau Atleticoren kontrako partidu garrantzitsuan jokatu hurrengo jardunaldian. Lehen zatia bukatzeko gitxi falta zanean, Gorka Guruzetak bigarren gola sartzeko aukera euki dau, baina bere errematea Granadako atzelariak urrundu dau ate-marratik.
Athleticek bere lehenengo aldaketa egin dau atsedenaldian. Ernesto Valverdek Paredes kendu eta Yeray zelairatu dau. Bigarren zatian, Yuri Berchiche lesionatu da, Mendezen sarrera gogorra jaso eta gero orkatilean eta Lekue sartu da zelaira bere ordez. Edozelan be, Athleticek ez ditu aukera garbi asko euki, baloiaren jabetzan nagusi izan arren. Bigarren zatiko aukerarik onena Iñaki Williamsek euki dau, 85. minutuan area txikitik egindako jaurtiketa baten. Athletic azkenengo jokaldira arte ibili da bigarren golaren bila, arrakasta barik.
Partidu erabagigarria
Liga amaitzeko sei partidu falta diranean, Athleticek hil ala biziko partidua jokatuko dau hurrengo zapatuan Atletico Madrilen kontra Metropolitano estadioan Txapeldunen Ligarako sailkapena eskuratzeko lehian. Emaitza positiboa lortzen ez badau, Athletic Txapeldunen Liga jokatzeko ia aukera barik geldituko da. Atleticoren partidua eta gero, Athleticek etxetik kanpo jokatuko dau barriro Getaferen kontra.