Bizkaia Irratian gabarreagaz batera

16:30ean hasita emonaldi berezia eskainiko deutsuegu gabarrearen jarraipena egiteko

Athleticek Errege Kopa irabazi dauala ospatzeko, 40 urteren ostean, gaur atarako da gabarrea Bilboko Itsasadarrera. Egun historiko honetan Bizkaia Irratiak be arratsaldeko programazinoa modaltuko dau gabarrearen jarraipena egiteko. 16:30ean hasiko dogu emonaldi berezia. Ramon Basaldua ibiliko da ibilbide guztian zehar gabarrearen ondoan, kazetarientzako ipini daben ontzi berezian. Getxoko Nautikokitik urteten dabenetik egingo deusku kontakizuna, ia etenik barik, udaletxe parera heldu arte. Udaletxean Oihane Irazuk hartuko dau lekukoa. Bera egongo da zain zurigorriek izango daben lehenengo omenaldian. Udaletxe barrutik kontauko deusku Oihanek gertatzen dan guztia eta jokolarien berbak eta balkoiko agerraldia entzuteko aukerea be izango dogu. Udaletxetik Foru Jauregira abiatuko dira eta zurigorriek zain izango dabe bertan Beñat Igarza. Aldundiaren alboan ipinitako prentsa set-etik kontauko deusku noiz eta zelan ailegetan diran jokolariak, eta zelako giroa dagoen inguruetan. Aldundiko omenaldiaren eta agerraldiaren barri be zuzenean eskeiniko deutsuegu Bizkaia Irratian.

Dana prest dago gabarra ateratzeko. 16:30ean urtengo dau Athleticen jokalariak eroango dauan ontzia Getxotik, eta 18:30etarako Bilboko udaletxera iristea itxaroten da. Jentetzea itxaroten da. Itsasadarraren albo biak txiki geratuko dira. Bilbon, esaterako, milioi bat pertsona egotea itxaroten da. Horrek segurtasun eta trafiko neurri bereziak hartzea ekarriko dau. Danetara, 1.200 pertsona inguruk osotutako dabe operatiboa. Gabarreak egingo dauan ibilbide osoan 47 gune kritiko atzeman dabez itsasadarraren ertz bietan, eta hor jarriko dabe arreta berezia.

Trafiko mozketa eta aldaketa nagusiak 14:00etatik aurrera hasiko dira, besteak beste, Areatzan, Plaza Biribilean, Udaletxeko eta Areatzako zubietan, eta Kale Nagusitik Plaza Eliktikora. Olabeaga ingurua be ordu horretan itxiko dabe ibilgailuentzat. Uribitarte pasealekuan be gauza bera pasauko da. Zubietan eta pasabideetan be jarriko dabe arretea. 14:00etatik aurrera Pedro Arrupe pasabidea eta Zubizuri zarratuko dabez. Areatzako eta udaletxeko zubiak ibilgailuentzat itxita egongo dira. Salbeko zubia be itxita egongo da oinezkoentzat. Besteak edegita egongo dira.

Garraio publikoa erabilteko deia egin dabe. Bilboko Metroak zerbitzua indartuko dau 15:30etatik aurrera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular