Bermeoko alkateak herriaren mugak berretsi dauz, Nestor Basterretxea gogoan

Madalen jaia ospatzen dabilz gaur Bermeon

Izaro uhartea protagonista daukan Madalen jaia ospatzen dabilz Bermeon. Holan, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak, antzinatik egiten dan lez, Izaro irlearen parean itsasora teila bota dau honakoa esanez: “Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak”. Modu horretara, Bermeoko herriaren mugak aldarrikatu eta herriaren mugak noraino heltzen diran azpimarratu dabe. Aurten teila horrek sinbologia berezia izan dau. Nestor Basterretxea artista bermeotarraren jaiotzearen mendeurrena ospatzen da aurten, eta horri keinua eginez, Bermeoko alkateak itsasora bota dauan teilak Eusko Legebiltzarren sinbolo dan Izaro eskultura eukan inprimiduta.

Bermeoko alkateak teila itsasora bota baino lehen, ohikoa dan moduan, Bermeoko Udalak, Bermeoko bandera eta ikurrina jarri dauz Izaro uhartean. Ondoren itsasontziak Elantxoberantza joan dira eta bertan ohorezko aurreskua egin jake ordezkariei. Bermeoko udalbaltzagaz batera egon dira gaur, besteak beste, Mundakako eta Elantxobeko alkateak eta ordezkariak, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta kirol diputadua, eta Idurre Bideguren EH Bilduko senatari bermeotarra.

Era berean, azken urteotan lez, hainbat bermeotarrek egun hau itsasontzi ofizialean joateko aukerea izan dabe.Gaur 18 herritarrek izan dabe aukerea, hain zuzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00