Athleticek denporaldiko lehen garaipena eskuratu dau Valentziaren kontra San Mamesen ligako hirugarren jardunaldian (1-0). Zuri-gorriak nagusi izan dira partiduaren hasieratik eta, zelaian ikusitakoa ikusita, markagailua laburra izan da. Halanda be, gol bakarra behar da partidu bat irabazteko; Beñat Pradosek lehen zatiko luzapenean sartutakoagaz nahiko izan da Athleticek hiru puntuak eskuratzeko.
Nobedadez beteriko hasierako hamaikakoa zelairatu dau Ernesto Valverdek. Esaterako, Julen Agirrezabala atera itzuli da, Adama Boirok eta Alvaro Djalok debuta egin dabe eta Mikel Jauregizar izan da Beñat Pradosen kidea zelai-erdian. Athleticek erasora urten da epaileak txilibitua jo dauan momentutik: Iñaki Williamsek langara bialdu dau baloia, Sancet ez da fin ibili aitatutako jokaldiaren jarraipenean eta, handik gitxira, Mamardashvilik sekulako geldiketa egin deutso Iñaki Williamsi. Lehen zatiko azkenengo minutuetan erritmoa jaitsi arren, luzapenean heldu da Athleticen gola. Beñat Pradosek sarera bialdu dau, buruz, Oscar de Marcosen erdiraketa.
Bigarren zatian partidua gehiago trabau da. Athletic eroso agertu da, markagailuan aurretik egoan heinean eta Valentziak ez dau gol aukera nabarmenik sortu. Ruben Barajak zuzendutako taldeak oso maila baxua erakutsi dau eta ligako hiru partiduak galdu ditu, aurrekoak Bartzelona eta Celtaren aurka. Izan be, gertuago egon da Athleticen bigarren gola Valentziaren gola baino; Mamardashvili barriro izan da protagonista Nico Williamsen jaurtiketa pozointsu bat desbideratzen. Azkenean, eta asko sufridu barik, Athleticek hiru puntuak lortu ditu.
Partidu bi asteon San Mamesen
Valentziaren kontrako partidua irabazi eta gero, Athleticek Atleticoren kontra jokatuko dau zapatuan San Mamesen. Oindino laugarren jardunaldiko norgehiagoka izan arren, liga eten egingo da aitatutako partiduaren ostean. Izan be, selekzinoak protagonista izango dira hurrengo astegoienean. Hori dala eta, Athleticek beste garaipen bat eskuratu gura dau atsedenaren aurretik.