Lanbidek ‘Merkalan’ azokea antolatu dau, enplegua bilatzeko puntako proposamenakaz

Azoka birtuala urriaren 1etik 3ra bitartean egingo da; urriaren 2an, barriz, FICOBAn (Irun) bilduko dira pertsona eta erakunde parte-hartzaileak

Lanbide-k, Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, MerkaLan-en bosgarren edizinoa antolatu dau. Aurreko urteetan lez, enpleguaren eta formakuntzearen azokak profesionalak, enpresak eta formakuntza-zentroak batuko dauz, baita euren lan-egoerea hobetu gura daben pertsonak be. Ehunka lan-eskaintza egongo dira, eta formazinoa zabaltzeko aukera ugari. Ezinbesteko hitzordua da une honetan langabezian dagozan pertsonentzat, baina baita langabezian ez dagozan eta euren ibilbide profesionalean aurrera egin gura dabenentzat be.

Aurten, MerkaLanek formatu mistoa berreskuratuko dau. Azoka birtuala urriaren 1etik 3ra bitartean egingo da. Urriaren 2an, barriz, FICOBA azoka-barrutian (Irun) bilduko dira pertsona eta erakunde parte-hartzaile guztiak. Lanbidek doako autobusak jarriko dauz Bilbotik, Donostiatik, Gasteiztik eta Arrasatetik FICOBAra. Bertan, tailerrak eskainiko dira ‘Adimen Artifiziala erabiliz lana biltzen ikasteko’ edo lan-alkarrizketak prestatzeko, talde aditu baten aholkularitzagaz. Mahai-inguruak eta hitzaldiak egingo dira, baita escape roomak be, pertsona bakotxak bere lan-potentziala ezagutu dagian. Ganera, argazki-estudio bat prestauko da, gura dabenek curriculumerako argazki egokiena atara dagien.

Holan, MerkaLan enpleguaren ezinbesteko hitzordua bihurtu da, jarduera horreekaz guztiakaz, enpresa enplegatzaileen parte-hartze zabalagaz eta hurreratzen diran pertsona guztien interesagaz. Dagoeneko zabalik dago izena emoteko epea, azokara aurrez aurre joateko zein plataforma birtualean erregistratzeko, merkalan.eus webgunearen bitartez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular