Athleticek merezidutako garaipena lortu dau Espanyolen aurka San Mamesen, ligako hamargarren jardunaldian (4-1). Zuri-gorriek lehen zatian itxi dabe erabagita norgehiagoka, Dani Vivianen golari eta Iñaki Williamsen gol biei esker. Lortutako hiru puntuak gehituta, Athleticek 17 puntu ditu orain. Beraz, Europako postuetan jarraituko dau jardunaldia amaitzen danean.
Ernesto Valverdek bost aldaketa egin ditu azken partidutik gaurko partidura. Hasierako hamaikakoari jagokonez, Mikel Jauregizarren presentzia nabarmendu behar da, Iñigo Ruiz de Galarretagaz batera zelai-erdian. Ganera, Alex Berenguerren aldeko apustua egin dau Txingurrik erdipuntan. Athletic partidua hasi eta berehala aurreratu da markagailuan, Dani Vivianek lehen kornerrean sartutako golari esker. Ostean, Athleticek partiduaren kontrola euki dau eta Iñaki Williamsek gol bi sartu ditu, 28. eta 30. minutuetan, Alex Berenguerren pase onak jaso eta gero.
Bigarren zatia hasi danerako saldu beharreko guztia salduta egoan. Hori dala eta, partiduaren erritmoa nabarmen jaitsi da. Halanda be, Berenguerrek Athleticen laugarrena sartu dau jokaldi eder bat burututa. Partidua erabagita egoanez, Nico Serrano bezalako jokalariek minutuak euki dabez. Azkenean, Espanyol gola sartzeko kapaz izan da, Tejerok falta baten bitartez eskuratutakoa.
Slavia Praga Europa Ligan
Athletic Europara Ligara itzuliko da barriro be eguenean San Mamesen. Aurkaria Txekiar Errepublikako Slavia Praga taldea izango da. Uriburuko taldeak oso ondo ekin deutso denporaldiari. Bere ligako liderra da eta Europa Ligan lau puntu ditu, Athleticek lez. Europako partidua eta gero, Athletic Mallorcan izango da urriaren 28an, ligako hamaikagarren jardunaldian.