Pelota munduak albiste gogorra bezain tristea jaso dau gaur. Danel Elezkanok pelotea iztea erabagi dau “osasunak behartuta”. Sare sozialetan kaleratutako ohar baten dino “ezin izango dot gehiago jokatu, ez profesional mailan ez beste era batera. Gorputzak oihuz esan deust nahikoa dala” esan dau Zaratamoko pelotariak “malkoak dariola”.
Danel Elezkanok dino izugarri sufridu dauela azken urtean eta infernua izan dala berarentzat. “Medikuz mediku emon dodaz hilabeteak gorputzean daukadazan hainbat lesino eta gatxengatik eta nik neuk naiko neuken urtenbidea aurkitu ezinik”. Zoritxarrez, lesinoek hoberantz barik txarrerantz egin dabe “eta kirolean ezeze eguneroko bizitzan be eragiten deuste”.
Frontoietara itzuli zan Elezkano bigarrena baina ez dau osasuna lagun izan. “Ezin aurrera egin” dino bere agurreko oharrean. “Ez dot agurrik behar -dino- azken urteetan pilotalekuetan jaso dodan maitasuna nahikoa eta sobera dalako niretzat. Saiatu naz maitasun hori barruan daukadan guztiagaz itzultzen”.
Medikuen aurreikuspenak bete egin dira eta diagnostikoa argia da. “Zin dagizuet espezialistarik onenak bisitatu ditudala eta guztiek ohartarazo nabe partidu bat gehiago jokatzeko ahalegina arrisku handiegia dala nire osasunarentzat”. Esku onenetan egotearen nasaitasuna eta suerte daukala nabarmendu gura izan dau Danel Elezkanok.
Hogeta hamar urte baino ez daukaz Zaratamoko pelotariak. 2012 urtean jokatu eban estreinako partidua Bilboko Bizkaia frontoian. Bi bider irabazi dau binakako txapelketa nagusia: Beñat Rezustagaz 2019an eta Jose Javier Zabaletagaz 2021ean. Beste final bat be jokatu eban, 2018an, Rezustagaz, eta galdu egin eben Ezkurdia eta Zabaletaren aurka. Profesional handi bat galdu dau peloteak. Kirol munduan gatxa da Danel Elezkanolako pertsona zintzoak eta jatorrak aurkitzea.