Hiru penalti huts egiten dituen talde batek ezin dau partidua irabazi. Valverderen taldeak hiru aukera euki ebazan penalti puntutik baina bat bera be ez eban sartu. Berenguerrek huts egin eban lehenengoa lehen zatian, berari area barruan egindako falta baten ostean. Gazzanigak geratu egin eban zuri-gorriaren jaurtiketea. Bigarren zatian, Danjumak penalti garbia egin eutson Iñaki Williamsi eta aurrelariak berak jaurti eban hamaika metroetatik Valverdek holan aginduta atsedenaldian. Williamsek oso txarto jaurti eban eta Gazannigak geratu egin eban baloia. Atezainak, baina, ez eukan oinetako bat be marra ganean eta jaurtiketea errepikatzeko agindu eban Pulido Santana epaileak. Ander Herrerak hartu eban baloia hirugarren penaltia jaurtitzeko eta hau be ez zan gauza zan baloia Gironaren atean sartzeko. Horreri guztiari, kataluniarren lehenengo gola zuri-gorrien opari bat izan zala gehitzen badeutsagu -Asprilla kolonbiarrak gure barik sartu eban gola, berak egindako erdiraketak ezustean harrapau ebalako Padilla atezaina- atzokoa partidu negargarria izan zala zuri-gorrien aldetik. Futbolaren idatzibako legeak dinoan lez, horrenbeste parkatzen dauen talde batek ordaindu egiten dau eraginkortasun falta hori. Sancetek bardinketearen gola sartu eban lehen zatiko azken txanpan eta partiduaren luzapenean etxeko taldeak garaipenaren gola sartu eban penaltiz. Negargarria benetan.
Kontuak kontu, Athleticek aukera bikaina galdu dau garaipena eskuratzeko Gironaren zelaian. Partidu amaitu ostean, Iñaki Williamsek esan eban legez, onartuezina da atzo Montilivin gertatutakoa ez dago hondamendi hori azaldu dauen atxakiarik. Pena handia izan da ze Athleticek meritoak egin ebazalako hiru puntuak eskuratzeko. Huts-egiteak, ostera, larriegiak izan ziran. Zuri-gorriek ondo aztertu behar dabe Gironan gertatutakoa barriro jazo ez daiten.