Bizkaia Irratia

6.000 gaztek eskatu dabe gazteen emantzipazinoa bultzatzeko Emantzipa programaren laguntza lau hilabetetan

Eskatzaileen % 51,6 Bizkaikoak dira, % 33,5 Gipuzkoakoak eta % 14,7 Arabakoak

Lau hilabeteko epean, 25 eta 29 urte bitarteko 6.000 pertsonak eskatu dabe gazteen emantzipazinoa bultzatzeko Emantzipa Programaren laguntza barria. Prestazino horregaz gazteek hilean 300 euro jastzen dabez, gehienez 24 hilabetez, beti be etxebizitza libre baten alokairuaren, hipotekearen edo mailegu pertsonalaren gastua egiaztatzen bada. Eskaera egiteko epea pasa dan zezeilearen 20an zabaldu zan, eta ordutik 6.000 eskabide aurkeztu dira. Horietatik, eskatzaileen % 51,6 Bizkaikoak dira, % 33,5 Gipuzkoakoak eta % 14,7 Arabakoak. Eskaeren % 60,1 emakumeenak dira, eta % 39,9 gizonenak. Datu hori koherentea da azken hamarkadan emakumeen emantzipazino-tasan ikusten dane hamar puntuko aldeagaz.

Aurkeztutako eskabide guztietatik ondorioztatzen da eskatzaileen % 72,3 emantzipatu egin dala edo alokairuan egingo dauala, eta ostantzeko % 22,7a etxebizitza erostean.

Udalerriei jagokenez, eskaeren % 24,3 Bilbon emantzipatzen diran gazteenak dira, % 12,5 Donostian, % 12,3 Gasteizen, % 4,1 Barakaldon eta % 2,7 Getxon. Hau da, eskaeren % 43,1 biztanle gehien dabezan bost udalerri honeetan biltzen da.

Emantzipa beste prestazino batzukaz bateragarria da. Halanda be, gazte eskatzaileen % 64,24k ez dabe beste laguntzarik jasotzen emantzipatzeko. Beste laguntza batzuen onuradunen artean, alokairuan emantzipatzen diran pertsonen % 42,3 Gaztelagun programearen onuradunak dira.

Aurkezteko moduari jagokonez, eskabideen % 93,6 telematikoki aurkeztu dira, eta % 6,4 aurrez aurre. Azkenik, eskatzaileek 19.746 euroko diru-sarrerak daukiez batez beste, eta, zehatzago, salerosketan emantzipatzen diranek 22.046 euroko diru-sarrerak daukiez batez beste, eta errentamenduan emantzipatzen diranek 18.776 euroko diru-sarrerak urtean.

Orain arte lortutako erantzuna oso positiboa da eta bat dator egindako aurreikuspenakaz. Ez da gorabehera negatibo nabarmenik gertatu; beraz, diseinatutako aplikazinoa eta kudeaketa-operatiboa behar dan moduan funtzionetan dabilz.

Eskaerak eta kontsultak

Interesa daukien gazteek modu errazenean aurkeztu ahal izango dabe eskabidea, www.euskadi.eus/emantzipa helbidean. Zalantzarik izan ezkero, Gazteria Zuzendaritzagaz jarri daitekez hartuemonetan, 945 015 591 telefono-zenbakira deituz edo mezu bat bidaliz honako helbide honetara: emantzipa@euskadi.eus. Era berean, GAZ Emantzipaziorako zerbitzuaren laguntza izan leikie, online, EMANTZIPA kanalaren bidez, whatsapp bat bidaliz 646 109 126 zenbakira edo mezu elektroniko bat bidaliz gaz@euskadi.eus helbidera; edo aurrez aurre, Bilboko (La Perrera) edo Barakaldoko GAZ bulegoetara hurreratuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00