Garrantzi handiko garaipena eskuratu dau Athleticek Ludogorets taldearen zelaian Europa Leagueko lehen faseko laugarren jardunaldiko partiduan. Zuri-gorriak sailkapeneko lehen zortziren artean dagoz lehen itzulian hiru garaipen eta bardinketa bat lortu ostean. Lau jardunaldi geratzen dira lehen fasea amaitzeko eta Athleticek esku-eskura dauka lehen zortzi sailkatuen artean sartu eta kanporaketarik jokatu barik sailkatzea hurrengo faserako.
Bulgarian jokatutako norgehiagoka ez da ondo hasi talde zuri-gorriarentzat, Ludogoretsek markagailuan aurretik jartzea lortu dauelako hogeita bigarren minutuan Marcusek areaz kanpotik egindako jaurtiketa bikain bategaz. Minutu bat lehenago, Iñaki Williamsek aukera bikaina alperrik galdu dau, area txikian bakarrik egoala ez dauelako asmau baloia atera errematatzen. Talde bulgariarraren golak min handia egin deutso Athletici.
Valverdek ez dau aldaketarik egin atsedenaldian baina hamargarren minuturako aldaketa hirukoitza egin dau partiduak bardin jarraitzen ebala ikusita. Vesga, De Marcos eta Nico Serrano zelairatu ditu, Djalo, Gorosabel eta Pradosen ordez. Minutu batzuk beranduago, Unai Gomez sartu dau Ruiz de Galarretaren ordez. Aldaketek goitik behera aldatu dabe norgehiagoka. Bigarren zatiko 27. Minutuan Iñaki Williamsek ondo baino hobeto baliatu dau eskoiko hegaletik Oscar De Marcosen egindako erdiraketea. Athleticeko aurrelariak kontrol bideratu bikaina egin eta sareetara bialdu dau baloia. Bardinketaren ostean, Unai Gomezek berrogei metroko korrikaldia egin dau baloiagaz azken pasea Nico Serranori emoteko. Nafarrak amaiera bikaina emon deutso jokaldiari jaurtiketa zital bategaz. Athleticek markagailua iraultzea lortu dau minutu bitan. Hortik aurrera, etxeko taldeak bardinketaren gola sartzeko ahaleginak egin dauz baina zuri-gorriek ez dabe ezelango arazorik izan euren atea defenditzeko. Kontuak kontu, garaipen handia bezain garrantzitsua Athleticek Bulgarian eskuratutakoa.