59. Durangoko Azoka ate joka daukagu. Gaur aurkeztu dabe 59. Durangoko Azokaren egitaraua San Agustin kulturgunean, azoka egunetan Szenatokia gunea hartuko dauan aretoan hain zuzen. Antolatzaileek aurreratu dabenez, abenduaren 5etik 8ra 274 erakusmahai jarriko dabez 153 partaideren artean, eta 933 kultur nobedade (639 liburu eta 216 musika argitalpen) egongo dira. Danetariko estilo eta gaiak jorratzen dabez sorkuntza lan horreek, eta tokikoak lez, mundu mailakoak be badira. Lan barriak aurkezteko 200 ekitaldi inguru programau dira. Egitarau osoa durangokoazoka.eus webgunean kontsultau daiteke.
Durangoko Azokako guneak 10:30etatik 20:00etara egongo dira zabalik abenduaren 5etik 7ra, eta azkenengo egunean, abenduaren 8an, 18:00etan itxiko dabez Landako Guneko ateak.
Beñat Gaztelurrutia koordinatzaileak azaldu dauanez, “bertan bilduko gara kultura bizi eta zaindu nahi dogun sortzaileak, argitaletxetako kideak, kulturgintzako langileak eta zaleak. Aurten dei berezia egin gura deutsagu zaleei, kultur sistema osasuntsu baterako ezinbestekoak diralako”.