Ez dago Athletic geratuko dauen talderik

Valverderen ekipoak 0-2 irabazi dau Fenerbahceren zelaian jokatutako partidua Iñaki Williamsen gol biri esker
Athleticeko atzelariek ez dabe arazo handirik euki Agirrezabalaren atea hutsean mantentzeko / ATHLETIC CLUB

Athleticen bolada positiboak ez dauka amaierarik. Zuri-gorriek hanka ta erdi ipini dabe Europako Ligako final zortzirenetan Fenerbahceren zelaian 0-2 irabazita. Valverderen taldeak irabazi egin ditu jokatu dituen azken sei partiduak, Elfsborg, Reala, Rayo, Real Madrid, Vila-real eta Fenerbahceren aurka. Ez dakigu noraino helduko dan Athletic olatuaren ganean baina gozatu daigun taldea egiten dabilenagaz liga txapelketan zein Europako Ligan.

Iñaki Williamsek sartu dau lehenengo gola Istanbulen, Gorka Guruzetak lapurtutako baloia sareetaratu ostean. Lehen zatia amaitzear egoala, Williams anaia zaharrak bere taldearen bigarren gola sartu dau area barrutik egindako jaurtiketa indartsu eta geratuezin bategaz. Aurretik, Gorka Guruzetak aukera ederra euki eban aurkariaren atea  barriro zulatzeko baina Livakovic atezainak geratu egin dau haren jaurtiketea. Nico Williamsek zelaitik urten egin behar izan eban belaunean kolpe gogorra jasota lehen zatia amaitu baino lehen. Valverdek Berenguer zelairatu dau haren ordez.

0-2 aldeko emaitzeagaz ekin deutso Athleticek bigarren zatiari. Valverdek bigarren aldaketea egin behar izan dau atsedenaldian, Yeray Alvarezek ezin izan dauelako segidu eskoiko izterreko gihar bikian kolpea jasota. Jose Mourinhoren taldearen oldarraldia itxaroten zan bigarren zatian baina ez zan horrelakorik gertatu eta Athleticek ez dau arazorik izan Julen Agirrezabalaren atea hutsean mantentzeko. Egia esateko, Athleticeko atezainak ez dau lanik euki partidu osoan. Izan be, zuri-gorrien hirugarren gola, etxeko taldearen lehen gola baino hurrago egon da bigarren zatian.

Turkian lortutako garaipenaren ostean, Athletic Europako Ligako lehen postuan kokatu da hamasei puntogaz. Nabarmentzekoa da, Athleticek bost garaipen eta bardinketa bat lortu dituela orain arte Europa mailan jokatu dituen sei jardunaldietan. Ganera, gol bi bakarrik jaso ditu Ernesto Valverderen taldeak. Beste partidu bi geratzen jakoz jokatzeko lehen fasean eta urtarrilaren amaieran jokatuko ditu biak: urtarrilaren 22an Besiktas talde turkiarraren aurka Istanbulen eta 30ean Viktoria Plzenen aurka San Mamesen.

Atseden handirik hartzeko asti barik, Athleticek derbia jokatuko dau domekan Mendizorrotzan. 2024 urte gogoangarriari amaierea emoteko, Valverderen gizonek Sadarren jokatuko dabe abenduaren 21ean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00