Euskal kulturearen erakusleiho erraldoia izanik, Durangoko azokaren bokazino nagusienetako bat kultur sorkuntza zein zaletasuna hauspotzea, eta sortzaile, bitartekari eta herritarren artean zubi lanak eregitea da. Helburu horregaz abiatu zan 2020an ZuNonHanDA! ekimena. Abenduaren 9tik 18ra bitartean 23 liburu aurkeztuko dabez idazleek dendetan.
Egitasmoari esker, 59. Durangoko Azokan plazaratutako nobedadeen sortak Euskal Herri osoko 66 liburu dendetan izango dira aurten, eta horreetako 23 dendatan liburu bat aurkeztuko da, idazlea bertan dala. Beraz, abenduko egunetan zehar, Durangoko Azoka ibiltaria izango da, eta hartzaileen herrietara zuzenean helduko da. Hain zuzen be, kulturazaleengan jarri dau arretea aurtengo azokak, kultur sistema osasuntsu baterako ezinbesteko diralako.
Ekimen honen asmoa ez da bakarrik Durangoko Azokaren oihartzuna Euskal Herri osoa zabaltzea. Liburu dendek urte osoan zehar egiten daben lana aitortzea be bada helburua. Hartzea emotea da, eta aurtengo leloari jarraituz, Durangoko Azokan hartuko dan indarra Euskal Herriko dendatan be emongo da.
Bilbon hiru aurkezpen
Lehenengo aurkezpena Garazi Albizurena izango da Bilbon, Deustuko liburudendan. Abenduaren 9an, 19:00etan, Egunen akabera liburua aurkeztuko dau idazle santurtziarrak. Ane Lekandaren EKUA proiektua be aurkeztuko dabe bertan. Sortzaile bien asmoa, emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko errealidadea eta fikzinoa aztertzea da.
Abenduaren 10ean aurkezpen bi egongo dira Bizkaiko uriburuan: Goio Ramosena eta Oihane Amantegi Escribanorena. Ramosek London Calling liburuaz egingo dau berba, 18:30ean, Poza kaleko Elkar dendan, eta Kepa Cridok egingo deutsaz itaunak. Ganera, liburuan azaltzen diran abesti pieza batzuk be ipiniko dabez. Amategiren kasuan, H.P. Lovecraft. Ahaztutako ametsa lanaren aurkezpen interaktiboa egingo dau 18:30ean Zirika herri gunean. Euskal mitologia, erromatar historia eta enigmak izango dauz ardatz.
ZuNonHanDA! dinamikearen informazino osoa, durangokoazoka.eus webguneko ZuNonHanDA! atalean.