NIK Patrika Digitala Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak garatutako zerbitzu digitala da. Helburua pertsonen egunerokotasuna erraztea eta Administrazinoaren eraldaketa digitala sustatzea da. Izan be, tresna digital honek administrazino edo zerbitzu publiko desbardinetako txartel edo zerbitzuak mugikorrean eroateko, abisu eta jakinarazpen garrantzitsuak jasotzeko edo Lanbide edo metaposta moduko webguneetara sartzeko balio dau, app bakar bat erabilita.
Dagoeneko 14 udalerri batu dira zerbitzura eta beraz, NIK Patrika Digitalaren parte diran herrietako bizilagunek udal txartelak be sartu leikiez app horretan, esaterako, kiroldegiko edo liburutegiko txartela. NIK Patrika Digitala zerbitzua eskaintzen daben udalak honeek dira: Bilbo, Donostia, Gasteiz, Abadiño, Amorebieta-Etxano, Elgoibar, Galdakao, Gernika-Lumo, Legazpi, Lemoa, Mungia, Ondarroa, Santurtzi eta Zalla.
Informazino-kanpainea
Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak zerbitzuari buruzko informazino-kanpainea garatu dau, helburu bigaz: batetik, app-a herritarren artean ezagutarazotea eta pertsona gehiagok zerbitzua erabili dagien lortzea. Eta bestetik, udalerri gehiagotara zabaltzea NIK Patrika Digitala aplikazinoa.
Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dau Eudel-egaz, NIK Patrika Digitala tresna udalen eskura jartzeko. Orain, Euskadiko Udalen Elkartearen bitartez, zirkular bateratu bat bidali da EAEko udal guztietara, batu ez diran udalerriek bat egin dagien zerbitzuagaz.
NIK Patrika Digitala app-a erabili gura daben pertsonek informazino guztia eskuragarri daukie nik.euskadi.eus webgunean. Aplikazinoa Apple store-n eta Play store-n deskargau daiteke. Erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, zerbitzua erabiltzeko beharrezkoa da BakQ identifikazino elektronikoa. BakQ-a online edo aurrez aurre eskuratu edo barritu daiteke.