Athleticek puntu bat lortu dau Alavesen aurkako euskal derbian, Mendizorrotzan. Ernesto Valverderen taldea aurreratu da markagailuan hamargarren minutuan Iñaki Williamsen eta Unai Gomezen arteko jokaldi azkar eta sakon baten. Bermeoko erdilariak pase bikaina jaso dau eta bakarrik geratu da atezainaren aurrean. Gomezek -hasierako hamaikakoan aspaldi partez- ederto amaitu eban jokaldia ezkerkada gogor bategaz. Gasteizen jokatutako partiduak aurreko eguaztenean Istanbulen jokatutakoaren antza hartu dau. Izan be, Athletic goiz aurreratu da markagailuan eta aurkariak ez dau arriskurik sortzeko gaitasunik erakutsi. Hau da, zuri-gorriek kontrolpean eukien partidua.
Bigarren zatian gauzak antzera hasi dira. Alavesek aurrerapausu txiki bat emon dau bardinketaren golaren bila baina ezelango eraginkortasun barik. Valverderen gizonak eroso egozan zelaian baina ez dabe gauza handirik egin bigarren gola sartu eta norgehiagokea erabagita izteko. Eta, jakina, gol bakar bateko aldegagaz irabazten joatea arriskutsua da beti eta Alavesek bardinketaren gola sartu eban zoritxarreko jokaldi baten. Unai Simonek ezin izan dau geratu areaz kanpotik Guridik egindako jaurtiketea eta Jordan zuhur ibili da ateazainaren aldaratzea sareetara botateko.
Valverdek Sancet eta Guruzeta zelairatu dauz Alavesen gola jaso baino bost minutu lehenago bere taldearen erasoko jokoa indartu eta bigarren gola sartzeko asmoagaz baina jokalari biak ez ziran oso fin ibili. Athleticek ordu erdi euki dau bigarren golaren bila joateko baina ez da fin ibili erasoko lanetan.
Txarto ohitu gaitu talde zuri-gorriak aspaldion eta orain ez dogu ontzat emoten etxetik kanpo puntu bat lortzea, garaipena gura dogu-eta. Atzoko emaitzak betiko eztabaidea zabaltzen dau: Athleticek puntu bat irabazi dau Mendizorrotzan ala bi itxi ditu? Botilea erdi beterik ikusten badogu, Valverderen taldeak eutsi egiten deutso bolada positiboari. Bateren batek pentsa leike, ostera, zuri-gorriek beste hiru puntu eskuratu eta laugarren postuan sendotzeko aukera ederra galdu dauela Gasteizen.
Beste derbi bategaz emongo deutso amaierea Athleticek urteari, eta hau be etxetik kanpo, Sadarren hain zuzen. Aste honetan, ganera, ez dabe Europako Ligako partidurik jokatuko eta atsedena hartu eta Osasunaren aurkako partidua ondo prestatzeko aukerea eukiko dabe.