Athletic Europa Ligako final-zortzirenetan izango da. Zuri-gorriek puntu bakar bat eskuratu behar eben sailkapen zuzena lortzeko, baina garaipenak emoten dituan hirurak lortu dabez Viktoria Plzen menderatu eta gero (3-1). Jokatutako zortzi partiduetan 19 puntu lortuta, Athleticek bigarren postuan amaitu dau Europa Ligako liga fasea eta martiaren 6ra arte atsedena eukiko dau lehiaketa honetan.
Valverdek partidua irabazi gura ebala erakutsi dau hasierako hamaikakoa aukeratzerako orduan. Txingurrik ez dau errotazinorik egin eta ustezko titular gehienek partidua hasieratik jokatu dabe. Jokalariak be gogotsu urten dira zelaira. Partidua hasi eta berehala, Nico Williamsek Athletic aurreratzeko aukerea euki dau, baina Jedlicka atezainak jaurtiketa gelditu deutso. Hainbat aukera euki eta gero, tartean Dani Vivianek jokoz kanpo sartutako gola, Nico Williamsek sartu dau lehoien lehen gola 25. minutuan, bere anaiaren asistentzia jaso eta gero.
Bigarren zatian partiduaren erritmoa jaitsi egin da. Batetik, Athleticek ez daualako arriskurik hartu emaitza bere aldekoa zalako. Bestetik, gainerako norgehiagoketan egozan markagailuengaitik, Viktoria Plzenek gitxi eukalako jokoan partiduko azken 45 minutuetan. Estrategia jokaldi baten, Yerayk Athleticen bigarrena sartu dau buruz, 64. minutuan. Dana dala, zazpi minutu beranduago, Havelek markagailua estutu dau. Viktoria Plzenek, partidua bardintzeko asmoz, Vasulin aurrelaria zelairatu dau, baina txekiarrak txartel gorria ikusi dau De Marcosi egindako sarrera batengaitik. Azkenean, partiduko luzapenean, Martonek Athleticen hirugarrena sartu dau.
Final-zortzirenak
Athleticek final-zortzirenetarako sailkapen zuzena eskuratu dau burututako liga fase onari esker. Aitatutako kanporaketan lau dira lehoiek euki ahal dabezan aurkariak: Erroma, Viktoria Plzen, Ferencvaros eta Porto. Europa Liga alde batera itxita, Athleticen hurrengo partidua domekan izango da, gaueko 21:00etan Betisen aurka Benito Villamarin estadioan.