
Athletic ez da garaipena lortzeko gai izan Osasunaren kontrako Euskal Derbian San Mamesen, ligako 29. jardunaldian (0-0). Talde iruindarraren aurkako azken partiduetan gertatu dan moduan, Osasunaren plana gailendu da. Athleticek jabetza eta kontrola euki dau, baina gol aukera asko sortu barik. Beraz, lehoiek ez dabe gorritxoen harresia suntsitu.
Lehen zatian, Athletic ezinean ibili da. Vicente Morenok bost atzelari zelairatu arren, partiduko lehen hurreraketak Osasunarenak izan dira. Esaterako, talde nafarrak lau korner atara dauz norgehiagokako lehen lau minutuetan. Lehoiek ordu erdi inguru behar izan dabe hiru zutoinen artean arriskuagaz jaurtitzeko. Seguruenik, partiduko lehen zatian Athleticek eukindako aukerarik onena Nico Williamsek areaz kanpotik egindako jaurtiketa bat izan da. Edozelan be, Aitor Fernandez atezaina fin ibili da.
Athleticen aurrerapausoa espero zan bigarren zatian. Horren harira, partiduko minuturik onenak kateatu ditu talde zuri-gorriak bigarren zatiaren hasieran, baina argitasuna falta izan jako azken metroetan. Aitor Fernandez barriro agertu da eta Iñaki Williamsek taldea aurreratzeko aukera paregabea euki dau pozoindu dan erdiraketa baten. Garaipena bilatzeko asmoz, Ernesto Valverdek aldaketa batzuk egin ditu, baina ez dira konponbidea izan. Bitartean, Oihan Sancet aulkian izan da, beroketa lanik egin barik. Azken minutuetan, desesperazinoaren ondorioz, espazioak itxi ditu Athleticek atzekaldean eta Osasuna partidua irabazteko zorian izan da. Edozelan be, Unai Simonek oso geldiketa ona egin deutso Peñari.
Ligako partidurik garrantzitsuena
Athleticek Vila-Realen kontrako partidu erabagigarria jokatuko dau etxetik kanpo hurrengo domekan, gaueko 21:00etan, ligako 30. jardunaldian. Momentu honetan, Athletic laugarren postuan dago oindino, baina sei puntuko abantaila dauka bakarrik Castelloko taldearekiko. Ganera, ezin dogu ahaztu Vila-Realek Espanyolen aurkako partidua berreskuratu beharko dauala apirilaren amaieran. Beraz, ligan falta dan partidurik garrantzitsuena jokatuko dau Athleticek hurrengo astegoienean.