Urrearen balioko hiru puntu Sevillan (0-1)

Partidu bikaina egin barik, Athletic Sevilla baino hobea izan da Sanchez Pizjuanen eta ondo merezita eskuratu ditu hiru puntuak
Yerayk ederto baliatu dau Alex Berenguerrek egindako erdiraketa bikaina Athleticen garaipenaren gola sartzeko / Athletic Club

Garrantzi handiko garaipena eskuratu dau Athleticek Ramon Sanchez Pizjuan futbol zelaian, larogeta laugarren minutuan Yerayk buruz sartutako golari esker. Sevillan lortutako hiru puntuei esker, zuri-gorriek zortzi puntura handitu dabe sailkapenean atzetik dituen Vila-real eta Betisekiko aldea, eta sendo eusten deutse laugarren postuari ligea amaitzeko hamar jardunaldi bakarrik geratzen diranean.

Arestian esan bezala, Pizjuanen lortutako puntuek urrearen balioa daukie, are gehiago, eguenean exijentzia handiko partidua jokatu ostean Europa Ligan Erromaren aurka, final laurenetarako sailkapena lortuta ganera. Horregaz batera, historikoki Sevillarena ez da sekula estadio erosoa izan Athleticentzat. Egueneko partidu bikainaren ostean, Valverdek lainotik jaisteko eskatu eutsen jokalariei, Sevillaren aurkako partidua ondo prestatzeko. Sanchez Pizjuanen ikusitakoaren arabera, argi eta garbi esan geinke zuri-gorriek ez dabela hodei ganetik jaitsi gura eta bertan igaroko dabe hurrengo astegoeienean eukiko daben atsedenaldia, ligako hurrengo jardunaldian Osasunaren aurka jokatu arte San Mamesen.

Ez da aukera garbirik egon partiduaren hasieran, hamabosgarren minutuan Alex Berenguerren falta jaurtiketa batek Nylanden arteko langan jo dauen arte. Sevillak Saul Ñiguezen oinetan euki dau Unai Simonen atea zulatzeko aukera garbiena, baina Yerayk desbideratu dau haren jaurtiketea. Hortik aurrera, borrokea izan da nagusi talde bien artean. Lehen zatia amaitzear egoala, Saulek eskuegaz ikutu dau baloia Sevillaren arean eta epaileak penalti adierazo eban, jokaldia telebistan errepikatuta ikusi ondoren. Hasiera baten Berenguerren hartu eban baloia, baina azkenean Vesgak hartu eban penaltia jaurtitzeko erantzunkizuna. Une ezin hobea zan markagailuan aurrea hartzeko -lehen zatiaren azken minutuan- baina Athleticeko jokalariak ez dau asmau atezainak geratu egin dauelako bere jaurtiketea. Sevillarentzat kolpe gogorra izan behar zana, zartako ederra izan da zuri-gorrientzat, aukera ezin hobea galdu dabe-eta markagailuan aurrea hartzeko.

Sevillak indartsu ekin deutso bigarren zatiari eta Unai Simonen lan onak saihestu dau etxeko taldearen gola. Valverdek hordagoa bota dau Nico Williams, Ruiz de Galarreta eta Jauregizar zelairatuta. Handik minutu gitxira, Guruzeta kendu eta Maroan Sannadi sartu dau zelaira. Entrenatzaileak arbolea astindu dau garaipenaren golaren bila eta talde zuri-gorriaren erasoko jokoak hobekuntza nabarmena euki dau. Partidua amaitzeko bederatzi minuturen faltan, Iñaki Williamsek gola sartzeko aukera bikaina euki dau Maroanen pase bikaina baliatuta baina Sevillako atezainak desbideratu egin dau bilbotarrak ezker oinagaz egindako errematea. Hiru minutu beranduago, ostera, Yerayk sareetara bialdu dau Alex Berenguerrek ipinitako erdiraketa bikaina. Partidu bikaina egin barik, Athletic Sevilla baino hobea izan da Sanchez Pizjuanen eta ondo merezita eskuratu ditu jokoan egozan hiru puntuak. Txapeldunen Ligaren usaina daukie Sevillan lortutako hiru puntuek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00