Lehen urratsa finalerako

San Mames goraino beteko da Athleticek Manchester Uniteden aurka jokatuko dauen kanporaketaren lehen partiduan
Athleticeko jokalariak gol bat ospatzen Rangersen aurkako kanporaketan / Athletic Club

127 urteko historia aberatsa bezain luzea dauka Athleticek. Talde zuri-gorria, baina, bi bider bakarrik heldu da Europa mailako lehiaketa bateko finalaurrekoetara. 1977an Belgikako Racing White taldearen aurka jokatu eban Koldo Agirrek zuzendutako taldeak eta finalerako sailkapena lortu eban, Molenbeeken jokatutako partiduan bana bardindu eta gero San Mamesen bapezna bardindu ostean. Orduan, etxetik kanpo sartutako golek balio bikotxa eukien, kanaporaketea bardinduta amaitu ezkero. Aurretik, Hungariako Ujpest Dosza, Suitza Basel, Gianni Rivera eta Fabio Capelloren Milan, eta Cruyff eta Neskensen Bartzelona. Zoritxarrez, zuri-gorriek ezin izan eben txapela eskuratu Dino Zoff, Scirea, Bettega, Gentile, Tardelli, Causio eta enparauen aurka. 1-0 irabazi eben italiarren Torinon eta Athletic San Mamesen 2-1 nagusitu arren, Bettegak Katedralean sartutako golaren balio bikotxak Juventusi emon eutsan garaipena.

Hogeta hamabost urte beranduago, Marcelo Bielsaren Athleticek Portugaleko Sportingen aurka jokatu eban Europako Ligako finalaurrekoetan, aurretik Manchester United edota Schalke 04 kanporatu ostean. Zuri-gorriek 2-1 galdu eben Lisboan eta 3-1 irabazi eben San Mamesen. Llorentek sartu eban hirugarren gol erabakigarria partiduaren azken minutuetan.

Hirugarrenez jokatuko dau Athleticek Europa Ligako finalaurrekoa eta merezi dauen moduan balorau behar da zuri-gorriek egindakoa. Manchester United, Europa mailako talde ospetsuenetakoaren aurka jokatuko dau talde zuri-gorriak. Erroma eta Glasgow Rangersen aurkako kanporaketetan itzuliko partidua San Mamesen jokatu bazan, oraingo honetan Old Trafforden erabagiko da kanporaketea.

United ez da bape fin ibili Ingalaterra ligan eta hamalaugarren dago sailkapenean. Europako Ligan, baina, ez dau partidu bat bera be galdu. Beraz, garbi dago aurkaria gogorra izango dala Valverderen taldearentzat. Edozelan be, zuri-gorriek talde sendoa dirala erakutsi dabe denporaldian eta euren mailarik onena erakutsi ezkero aukerak eukiko dabez finalerako sailkatzeko.

Ernesto Valverdek plantilako gizon guztiak ditu prest joaneko partidurako, Oihan Sancet izan ezik,  nafarra lesionatu egin zan-eta Las Palmasen aurkako partiduan. Valverdek ez dau azaldu nork beteko dauen nafarraren hutsunea. Kontuak kontu, honako hau izan daiteke Athleticen hasierako hamaikakoa Manchesterren aurka San Mamesen: Julen Agirrezabala atean, De Marcos, Vivian, Yeray eta Yuri Berchiche atzealdean, Jauregizar eta Iñigo Ruiz de Galarreta euskarrian, Williams anaiak eta Berenguer hiruko lerroan eta Maroan Sannadi aurrealdean. Katedrala goraino beteko da eta Athleticen aldeko giro itzela egongo da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00