
Athleticek husnakoen boladari amaierea emon deutso, Rayoren kontrako partidua irabazita San Mamesen (3-1). Talde madrildarra markagailuan aurreratzeko gai izan da, baina lehoiek bueltea emon deutsie norgehiagokari, Oihan Sancetek eta Nico Williamsek sartutako golei esker. Athleticek lortutako garaipena oso garrantzitsua da, Txapeldunen Ligako laugarren postuan sendotzen dalako zazpi partiduren faltan.
Bederatzi aldaketa egin ditu Ernesto Valverdek hasierako hamaikakoan. Eguenean Eskozian jokatutako partidutik Vivianek eta Jauregizarrek bakarrik errepikatu dabe. Nahitaez aldaketak igarri egin dira eta Athletic bere bertsino onenetik urrun egon da lehen zatian. Ganera, Rayok markagailuan aurreratzeko aukera paregabea euki dau 37. minutuan penalti puntutik. Unai Simonek Pedro Diazen jaurtiketa ondo gelditu dau, baina Cissek kanpoko taldea aurreratu dau markagailuan aldaratzean.
Egoerea ikusita, Ernesto Valverdek aldaketa bikotxa egin dau atsedenaldian eta Oihan Sancet eta Maroan Sannadi zelairatu ditu Unai Gomez eta Gorka Guruzetaren ordez. Valverdek asmatu egin dau. Sannadiri egindako penalti bati esker, Oihan Sancetek bardinketaren gola sartu dau. Bardinketa jaso eta gero, Rayok banakoari eutsi gura izan deutso, baina Nico Williamsek markagailuari bueltea emon deutso zelaira urten eta gero, jaurtiketa gurutzatu eder bategaz. Azkenik, Oihan Sancetek aldea handitu dau luzapenean, areaz kanpotik egindako beste jaurtiketa bategaz. Beraz, Athleticek asko sufridu barik berretsi dau garaipena.
Hil ala biziko partidua Rangersen aurka
Athleticek Europa Ligako final-laurdenetako bueltako partidua jokatuko dau eguenean San Mamesen, Eskoziako Rangers taldearen aurka. Zuri-gorriek husna bardindu eben joaneko partiduan Ibroxen. Beraz, dana dago erabagitzeke kanporaketan.
Ostean, Real Madrilen aurka jokatuko dau Athleticek Santiago Bernabeu estadioan hurrengo domekan, gaueko 21:00etan, ligako 32. jardunaldian. Momentu honetan, sei puntuko aldea daukie lehoiek Vila-Realekiko. Edozelan be, gogoratuko dogu Castelloko taldeak partidu bat gitxiago jokatu dauala momentuz, Espanyolen aurkako partidua bertan behera gelditu zalako bere momentuan.