Getafetik Txapeldunen Ligara (0-2)

Athleticek urrezko garaipena eskuratu dau Coliseumean partiduaren azken ordu laurenean Guruzetak eta Vivianek sartutako golei esker
Ernesto Valverdek hasierako hamaikakoa moldatu behar izan dau Williams anaien lesinoak eta Djlaloren gaixoaldiaren ondorioz / Athletic Club

Athleticek Txapeldunen Ligan jokatuko dau datorren denporaldian Getaferen zelaian garaile izan ostean. Zuri-gorriek hiru aukera eukiezan matematikoki Europa mailako lehiaketa garrantzisuenean sartzeko eta lehenengoa baliatu dabe. Ganera, Getafen lortutako garaipenari esker Valverderen taldeak eutsi egiten deutso sailkapeneko laugarren postuari eta hiru puntuko aldea gehi gol-averagea kentzen deutso atzetik daukan Vila-realekiko. Nabarmentzekoa da, Athleticek ez dauela golik jaso liga txapelketako azken lau jardunaldietan, Santiago Bernabeun Fede Valverdek Unai Simonen atea azkenengoz zulatu ebanetik.

Hegaleko ia jokalari barik ekin deutso Athleticek Getaferen aurkako partiduari, Williams anaiak eta Djalo jokatu ezinda dagozalako. Valverdek Unai Gomez zelairatu dau ezker hegalean, Berenguer eskoikoan eta Guruzeta barrutik, Maroan aurrealdean zala. Horregaz batera, Mikel Vesga jarri eban zelai erdian Mikel Jauregizarregaz batera.

Athleticek denporaldi honetan jokatu dauen berrogeta hamahirugarren partidua izan da Getaferen aurkakoa eta begi bistakoa da talde zuri-gorria justotxu heldu dala lehiaketearen azken txanpara, erasoko jokoari jagokonez batez be. Bestalde, normala be bada taldeak nabarmen igartea Williams anaiek itxitako hutsunea. Gauzak horrela, Getafek eta Athleticek ikusikizun negargarria eskeini dabe partiduaren lehenengo zatian. Etxeko taldea aurkaria baino gehiago hurreratu da atera baina arrisku garbirik sortu barik.

Bigarren zatia bardin hasi da eta bapeznako bardinketarako bidean joian partidua Valverdek lehen aldaketa biak egin dauzan arte. Athleticeko entrenatzaileak Oihan Sancet eta Adama Boiro zelairatu ditu Maroan Sannadi eta Unai Gomezen ordez eta apurka apurka talde zuri-gorria David Soriaren ate ingurura hurreratzen hasi da. Lehen zatian ezinean ibili dan Alex Berenguer min egiten hasi da, Gorosabelek ondo lagunduta eskoiko hegaletik. Lehen zatian baino hobeto jokatzen ibili arren, zuri-gorriek bigarren zatiaren hogeta hamaikagarren minutura arte itxaron behar izan dabe markagailuan aurretik ipinteko. Mikel Jauregizarrek pase sakona sartu deutso Berenguerri, honek ezin izan dau baloia kontrolatu baina Guruzetak, atzetik etorrita ezkerkada bikaina jo eta sareetara bialdu dau baloia. Aurrelari gipuzkoarraren zazpigarren gola denporaldi honetan. Getafe bardinketaren golaren bila ebilenean, Vivianek zuri-gorrien bigarrena sartu dau korner baten.

Ligea amaitzeko jardunaldi bi geratzen diranean, Athleticek eskuan dauka datorren denporaldian Txapeldunen Ligan, Europa mailako lehiaketarik garrantzitsuenean jokatzeko aukerea. Ganera, datorren domekan Valentzian edo azken jardunaldian San Mamesen Bartzelonari irabazi ezkero, Valverderen ekipoak laugarren postuan amaituko leuke kanpaina. Bikaina benetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00