
Erromeriaren kontzeptu guztiak batzeko asmoz Bizkaiko Erromeria eguna antolatuko dabe aurten lehenegoz. Urriaren 4an izango da Durangon, egun osoko egitarau zabalagaz eta gune desbardinetatik, herri osoa euskal musikaz, dantzaz eta erromeriaren inguruko bestelako edukiez jantzita. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Danok Pro taldeak antolatzen dabe, Durangoko Udalagaz lankidetzan.
Durangon aurkeztu dabe goizeon, Landako gunearen parean. Bertan Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru-diputaduak, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak eta Danok Pro taldeko Jon Gomezek hartu dabe parte, Bizkaiko Erromeria eguneko lehenengo edizinoan parte hartuko daben hainbat artistakaz batera.
Egitarauaren nondik norako gehienak azaldu dabez prentsaurrekoan. Publiko guztiei zuzendutako ikuskizun eta ekintzak hartuko dauz urriaren 4an Durangok. Erromeriaren hamaika aurpegi eta formatu izango dira jaialdi barri honetan: dantza-plaza Aikogaz, gaztetxoentzako dantzaldia Esna Gazte taldeagaz, Larrain Dantza herrikoia eskainiko dabe Gaztedi Dantza taldeko gaiteroek, herri bazkariaren ostean helduak Luhartz taldekoakaz kantuan dabilzan bitartean, Goazen-eko aktoreek be gaztetxoentzako kantaldia izango dabe…
Horrez gain, oholtzan izango dira Ibon Koteron eta Julen Begoña albokariak, Iker Alvarez eta Aitor Urkiza txistulariak, Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilariak eta Zabaleta eta Motriku trikitilari historikoak. Baita gaur egun Euskal Herri osotik plazarik plaza dabilzan lau erromeria talde bizkiatar: Gautegun, Zazpizar, Altxa Porru eta Zutik. Ganera, egun osoz, erromerien inguruko berbaldi, ikastaro, puzgarri eta kale animazinoek osatuko dute Bizkaiko Erromeria egunaren programea.