Durangoko Museoan egin da gaur goizean Durangoko 60. Azokako egitarauaren aurkezpena. Gerediaga alkartetik, Beñat Gaztelurrutiak emon dauz aurtengo datuak: 175 partaide, 285 erakusmahai eta 1026 nobedade. Egitarauari jagokonez, aurten, 70 ekitaldi gehiago dagozala esan behar. Kontua da, gune barri bi izango direla; Berbagailua edo podcasten plaza, eta Atartea, Arte Ederren plaza. Barrikuntza honeez gain, aurten, iluntze-gauetarako eskaintzea be bada nobedadea. Azokea itxi eta egitarauak jarraipena izango dau. Hasteko, gauetako kontzertuak; abenduaren 5ean Lukiek eta Ezezez, 6an Mirua eta Naxker, eta 7an, Formol Laborategiaren ikuskizuna eta omenaldia Bittor Kapanagari. Durangokoazoka.eus webgunean kaleratu dabe egitarau guztia.
Omenaldia Izaskun Ellakuriagari
Gogoratu daigun abenduaren 5etik 8ra bitartean egingo dala 60. Durangoko azoka. Abenduaren 5ean, inaugurazino ekitaldian, Durangoko Museoan, Izaskun Ellakuriaga Gerediagako kide eta Bizkaia Irratiko lankidea omenduko da. Gogoratu daigun, aurten, garagarrilaren 16an hil zala Izaskun. Abenduaren 5.a Ikasle Goiza izango da eta Gazte Eztanda abenduaren 6an izango da. Indarkeria matxistaren kontrako protokoloa ezarriko da, eta Palestinari alkartasuna adierazo eta genozidioa salatzeko geldialdia egingo da abenduaren 7an. Ordutegia bardina izango da, goizeko 10:30etatik 20:00tara, eta antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko aholkatzen dabe.